Ondarea – Euskal Wikilarien Kultur Elkartea https://wikimedia.eus Thu, 04 Jun 2026 06:09:11 +0000 eu hourly 1 https://wordpress.org/?v=7.0.4 Euskararen historiaren aztarnak iruditan https://wikimedia.eus/2026/06/euskararen-historiaren-aztarnak-iruditan/ https://wikimedia.eus/2026/06/euskararen-historiaren-aztarnak-iruditan/#comments Wed, 03 Jun 2026 17:17:43 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1783
Ekaitz Santazilia euskal filologoa eta hizkuntzalaria da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzailea. Gainera, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria da, eta azken urteetan euskararen ondare historikoa eta dokumentala ezagutarazteko lan handia egin du. Ekaitz, urte luzez aritu da Euskal Herriko bazterretan euskararen presentziaren aztarnak bilatzen, dokumentatzen eta aztertzen, bai ikerketa akademikoaren bidez, bai dibulgazio-lanaren bitartez. […]
]]>

Ekaitz Santazilia euskal filologoa eta hizkuntzalaria da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzailea. Gainera, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria da, eta azken urteetan euskararen ondare historikoa eta dokumentala ezagutarazteko lan handia egin du.

Ekaitz, urte luzez aritu da Euskal Herriko bazterretan euskararen presentziaren aztarnak bilatzen, dokumentatzen eta aztertzen, bai ikerketa akademikoaren bidez, bai dibulgazio-lanaren bitartez.

Konpromiso horren emaitza da Euskargazki proiektua. Euskal Herriko bazter askotan euskarak historian zehar utzitako aztarnen mapa kolektiboa da, gure hizkuntzaren presentziaren lekuko isila. Azken hogei urteotan, euskararen historiari buruzko ehunka lekukotasun grafiko bildu ditu: hilarriak, inskripzioak, plaka zaharrak, eraikinetako idazkunak eta gure hizkuntzaren presentzia erakusten duten beste hainbat aztarna. Ondare hori ezagutzeko eta zabaltzeko helburuarekin, Ekaitzek bildutako materiala antolatu eta gizarteratzeko urrats garrantzitsua eman da orain.

Izan ere, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen eta Ekaitz Santaziliaren arteko elkarlanari esker, bildumako 700 argazki baino gehiago igo dira Wikimedia Commons plataformara. Lan horretan funtsezkoa izan da Uxue Cárdenasen ekarpena: irudiak sailkatu, geolokalizatu eta lizentzia libreekin argitaratu ditu, ondare hori mundu osoko erabiltzaileen eskura jarriz.

Elkarlan honi esker, euskararen historiaren lekukotasun baliotsu hauek ez dira soilik kontserbatuko; ikertzaile, irakasle, ikasle eta herritar ororen eskura ere egongo dira, berrerabili eta zabaltzeko aukera emanez.

Ekimen honek erakusten du memoria eta teknologia uztartuz posible dela gure hizkuntza-ondarea zaindu eta mundu osora zabaltzea. Euskargazkiren 700 irudi hauek, azken finean, euskararen historiaren leiho txikiak dira, denon eskura daudenak eta etorkizunerako gordeta geratuko direnak.

Hogei urteko ibilbide honetan egindako lana nekez neurtu daiteke zenbakitan. 700 argazki baino gehiago dira, bai, baina batez ere milaka kilometro, ordu asko, begirada zorrotza eta euskararekiko maitasuna daude horien atzean. Horregatik, gure esker ona adierazi nahi diogu Ekaitz Santaziliari. Bere lanari esker, gure historiaren zati txiki baina esanguratsu ugari ez galtzea lortu da. Gaur Wikimedia Commonsen ikus daitekeen ondare hau guztiona da, baina norbaiten ekinari esker iritsi da hona. Eskerrik asko, Ekaitz. Zure lanak etorkizuneko belaunaldientzat ere balio izango du.

]]>
https://wikimedia.eus/2026/06/euskararen-historiaren-aztarnak-iruditan/feed/ 3 Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
MUSEOTIK plataformarekin lankidetza berria “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuaren baitan https://wikimedia.eus/2026/04/museotik-plataformarekin-lankidetza-berria-euskal-herriko-historia-100-objektutan-proiektuaren-baitan/ Fri, 24 Apr 2026 10:22:01 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1748
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta MUSEOTIK plataformak lankidetza berri bati ekin diogu, “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuaren baitan. Helburua argia da: ondare materiala ikuspegi zabalago batetik kontatzea, formatu anitzak uztartzea eta publiko handiago batengana iristea. Aurrerantzean, hilean behin, hileko hirugarren astean, aukeratutako objektuak presentzia berezia izango du: objektu horren inguruko bideoa publikatuko da Ikusgelan. […]
]]>

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta MUSEOTIK plataformak lankidetza berri bati ekin diogu, “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuaren baitan. Helburua argia da: ondare materiala ikuspegi zabalago batetik kontatzea, formatu anitzak uztartzea eta publiko handiago batengana iristea.

Aurrerantzean, hilean behin, hileko hirugarren astean, aukeratutako objektuak presentzia berezia izango du: objektu horren inguruko bideoa publikatuko da Ikusgelan. Eta aste horretan landutako objektua izango da, aldi berean, MUSEOTIK plataformaren astekoa. 

Ikusgelako bideoa

Esan bezala, lankidetza honen urrats garrantzitsua da objektu bakoitzaren inguruko bideo bat sortzea, Ikusgelaren “Zortziko Txikian” sailean argitaratuko dena. Eduki hori ere MUSEOTIK plataforman egongo da eskuragarri.

http://ikusgela.eus/

Objektu bera, plataforma desberdinetan

“100 objektu” proiektuaren barruan, objektu bakoitza hainbat formatutan lantzen da, jada: Wikipedia artikuluak, testu literarioa, podcasta eta komikia.

Lankidetza honen bidez, eduki horiek guztiak MUSEOTIK plataforman bateratuko dira, erabiltzaileentzat beste sarbide bat eta esperientzia osatuagoa eskaintzeko.

https://museotik.euskadi.eus/hasiera

Laboratoriumeko erakusketa

Lankidetza hau aurkezteko aukeratutakoa wolframa izan da. Testuinguru horretan, bat egiten du Laboratorium Museoan martxan dagoen W74: Boterea, arrazoia eta etorkizuna erakusketarekin. 

Wolframa, Euskal Herrian isolatu den elementu kimiko bakarra, Bergaran aurkitu zuten 1783an Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek, Ilustrazio garaiko Errege Seminarioan egindako ikerketen baitan. Aurkikuntza honek zientziaren historian mugarri bat ezarri zuen, eta Bergara nazioarteko mapa zientifikoan kokatu zuen.

Gaur egun, ondare hori Laboratorium Museoan ezagutu daiteke, bertako erakusketa iraunkorrean zein une honetan ikusgai dagoen “W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna” aldi baterako erakusketan. Azken honek wolframaren historia modu murgiltzaile eta garaikidean aurkezten du, XVIII. mendeko aurkikuntzatik abiatuta gaur egungo erabileretaraino, zientzia, industria eta gizartearen arteko loturak agerian jarriz.

https://laboratorium.eus/erakusketak/w74-boterea-arrazoia-eta-etorkizuna

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Donemiliagako goldea, 1000 urte Arabako euskararen lekuko https://wikimedia.eus/2025/12/donemiliagako-goldea-1000-urte-arabako-euskararen-lekuko/ Wed, 10 Dec 2025 16:23:07 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1529
Dokumentuaren milurtekoa ospatzeko, EWKEk horma-irudi bat argitaratu du. Asmoa da dokumentuaren garrantzia azpimarratzea eta ikastetxeetan, leku publikoetako pasabideetan, bulegoetan, horma-irudi hori eskegita ikustea. Kopia bat eska dezakezu EAEko liburutegietan. (Interesatuek kopia bana doan eramateko argitaratu dira horma-irudiak). 2025. urte honetan mila urte bete dira ipuscoa lehen aldiz dokumentatu zenetik, San Juan de la Peña monasterioan […]
]]>

Dokumentuaren milurtekoa ospatzeko, EWKEk horma-irudi bat argitaratu du.

Asmoa da dokumentuaren garrantzia azpimarratzea eta ikastetxeetan, leku publikoetako pasabideetan, bulegoetan, horma-irudi hori eskegita ikustea. Kopia bat eska dezakezu EAEko liburutegietan. (Interesatuek kopia bana doan eramateko argitaratu dira horma-irudiak).

2025. urte honetan mila urte bete dira ipuscoa lehen aldiz dokumentatu zenetik, San Juan de la Peña monasterioan topatutako dokumentu batean. Euskal wikilariok parte hartu genuen, edizio lehiaketa bat antolatuz, ospakizun hori hauspotzerakoan.

Kasualitatez, 2025. urte honetan ere, mila urte bete dira Gastehiz eta Arabako beste hainbat herriren izenak lehen aldiz dokumentatu zirenetik.

Aurreko 2025eko abenduaren 2an, EWKEk, , Gasteizko Letren fakultateko EHUko irakasle batzuen laguntzarekin, (mila esker, bereziki, Gorka Elordieta eta Julen Manterola irakasleei), euskararen historiografian gehien aipatzen den dokumentuetako baten milurtekoa ospatzeko horma-irudi bat aurkeztu zuen.

Aurkezpenean, Julen Manterola irakasleak dokumentu horren garrantziaz hitz egin zuen.

Dokumentu horren jatorrizko bertsioa 1025. urtean idatzi zen, eta gero, “garbira pasatu” zuten XII. mendearen amaieran, (c. 1196. urtean), Donemiliaga Kukulako monasterioko monje batzuek. (Kopiatzaile bat baino gehiago egon zela pentsatzen dute David Peterson bezalako adituek). Letra molde galikanoa erabiliz horrelako dokumentu batzuk batu zituzten kodex batean, eta horregatik kodex horri Kodex galikanoa edo Becerro galicano deitzen zaio. Gaztelaniazko Becerro izendapen hori, kodexa behi edo zekor larruz egina dagoelako erabiltzen da. Monasterioan bazegoen antzeko beste kodex bat, letra gotikoz idatzia, baina, Fidel Fitak eskura izan bazuen ere, gero galdu egin zen.

2025. urteko urrian, Kodex galikanoa Arabako Artxiboan ikusgai egon zen. Arabako golde-muturra erakusten duten erdiko folioak ikusgai. (Ezkerrean Gastehiz ikus daiteke)

Donemiliagako goldea, Donemiliagako golde-muturra edo Arabako nabarra, (jatorriz, latinez, De ferro de Alava) Kodex galikanoa edo Becerro galicano horretan jasotzen diren dokumentuen artean bigarren luzeena da. Arabako historia eta euskararen historia ikertzen dutenentzat altxor preziatua. Munduan kultura oso gutxik daukate pareko dokumenturik beren iragana ikertzeko. Latinez idatzitako testu batean, hirurehun leku-izen baino gehiago aipatzen dira, 1025. urteko itxurarekin, garai hartako herrien eta garai hartako barrutien izenak.

Koldo Mitxelenak, esate baterako, dokumentu osoa kopiatu zuen bere Textos Arcaicos Vascos (1964) obran eta iruzkin baliotsu batzuk egin zituen.

No hay probablemente ningún documento medieval en
el que los nombres vascos tengan un aspecto tan arcaico
como en éste. Su valor se acrecienta además por el hecho
de que el área cubierta por los nombres se repaite en dos
territorios lingüísticos claros, vasco y romance, con una
zona intermedia que podemos presumir bilingüe en dis-
tintos grados.
El arcaísmo se manifiesta en el mismo cuerpo de los
nombres, mucho más largos en general que los modernos:
Bahaheztu, ya en 1257 Maeztu, Uhulla, mod. Ula (en 1257
Uula), suf. –zaha… Mitxelena. TAV. (1964)

Koldo Mitxelenaren osteko euskalari eta historialari askok arreta handiz aztertu dute Kodex galikanoa eta bereziki bertan agertzen den Donemiliagako goldea, Donemiliagako golde-muturra edo Arabako nabarra delako dokumentua. Erdi Aroko Arabako historia eta Erdi Aroko Arabako hizkuntzak ezagutzeko dokumentu oso baliotsua da. EHUko lan talde batek, duela urte batzuk, Kodex galikanoaren edizio digital bat argitaratu zuen. (2025-12-02an, Julen Manterolak, Letren fakultatean egindako aurkezpenean, besteak beste esan zuen edizio digital horrek, Wikipediak bezala, ekarpen berriak eta eguneratzeak onartzen dituela).

EWKEk, dokumentuaren milurtekoaren aitzakia aprobetxatuz,dokumentu horren ezagutza zabaldu nahi izan du. Wikipediako artikuluak hobetzeaz gain, Donemiliagako goldea artikulua eta bertan aipatzen diren herrien zerrenda hobetzeaz gain, horma-irudi bat sortzeko eta jendaurreko aurkezpen bat antolatzeko lan pixka bat egin da aurten wikilarien elkartean… Letren fakultateko aurkezpenean Galder Gonzalez @theklan wikilariaren hutsunea nabaritu genuen, baina une horretan São Paulon lanean zegoen. Galderrek azaldu zezakeen, besteak beste, nola sortu eta maketatu duen horma-irudia, Wikidata-eta erabiliz (eta magia pixka bat, eta ematen duena baino lan gehiago eginez…). Galderren hutsunea nolabait betetzeko @gorkaazk wikilariak artikuluak idazteko erabili diren iturri batzuk-eta aipatu zituen.

Mila esker Koldo Biguri wikilariari EHUko irakasleekin harremanetan jartzeko zubia eraikitzeagatik. (Gorago aipatu ditugun Gorka Elordieta eta Julen Manterola irakasleek eskuzabal oparitu ziguten beren denboraren eta jakinduriaren puska bat).

Mila esker @Oraina, @protoeuskaldun eta Garbiñe wikilariei eta aurkezpenera etorri ziren guztiei.

Arabako hedabide bakar batek eman zuen jendaurreko aurkezpenaren berri, argazkilari bat bidaliz eta EWKEk bidalitako prentsa-oharra itzultzaile automatiko batekin, edo, itzuliz.

Mila esker, baita, Estibaliz Zubiaur Etcheverry liburuzainari EAEko liburutegien babesa kudeatzeagatik horma-irudia banatze lanetarako. Mila esker EAEko liburuzain guztiei horma-irudiak banatzen hartuko duten aparteko lanagatik… Ea noraino betetzen den gure hasierako asmoa. Ea laster horma-irudiaren kopiak ikastetxeetan eta eraikuntza publiko askotan eskegita ikusten ditugun.

Arabar hori: zure herriak, zure auzoak, zure abizenak ez ditu, bada, aurten beteko mila urte?

Wikilari bat horma-irudi sorta bat liburutegi batera eramaten. Proiektu honen azken-aurreko lana: horma-irudien banaketa. EAEko liburutegien laguntzaz egin zen. Batez ere eskerrak eman behar Ignacio Aldecoa eta Ibaiondo liburutegiei, eta Gasteizko Arkeologia Museoari.
Ea azkenik horma-irudiak leku publikoetan ikusgai geratzen diren. Horretarako, ahoz ahoko transmisioa eta zure laguntza eskatzen dizuegu.

P.S.1 Lakuako funtzionario askok beren bulegoetako hormetako zartatuak disimulatzeko horma-irudiak erabiltzen hasi dira. Lakuako liburutegian utzitako kartel guztiek hegaz egin dute.

P.S.2 Jakin dugu Manuel Iradier Txango-elkartekoek kartelaren ale batzuk eraman dituztela 2025-12-02 – 2026-01-31 datetan antolatu duten erakusketarako.

Horma irudi bat, behintzat, helmugaraino iritsi zen: ikastetxe bateraino. Arabako Foru Aldundiak argitaraturiko liburuxka batekin erakusgarri bigarren hezkuntzako ikastetxe batean.
]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Elena Barrena Osoro, Wikipedian lanean jarraitzeko proposamen bat https://wikimedia.eus/2025/03/elena-barrena-osoro-wikipedian-lanean-jarraitzeko-proposamen-bat/ https://wikimedia.eus/2025/03/elena-barrena-osoro-wikipedian-lanean-jarraitzeko-proposamen-bat/#comments Fri, 14 Mar 2025 09:00:00 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1292 Elena Barrena Osoro
Artikulu hau Gipuzkoa mila urteko historia. Elena barrena Osorori gorazarre libururako prestatu zen. Elena Barrena Osoro (Eibar, 1953ko maiatzaren 27), historialaria eta irakaslea, Gipuzkoako lurralde historikoaren erdi aroko historia ikerketan jardun du bereziki. Deustuko Unibertsitatean doktoratu zen Gipuzkoaren sorrera historikoari buruzko tesiarekin. Artikulu hau idatzi eta amaitu dudan egunean, horrela deskribatzen du Wikipediak Elena Barrena […]
]]>
Elena Barrena Osoro

Artikulu hau Gipuzkoa mila urteko historia. Elena barrena Osorori gorazarre libururako prestatu zen.

Elena Barrena Osoro (Eibar, 1953ko maiatzaren 27), historialaria eta irakaslea, Gipuzkoako lurralde historikoaren erdi aroko historia ikerketan jardun du bereziki. Deustuko Unibertsitatean doktoratu zen Gipuzkoaren sorrera historikoari buruzko tesiarekin.

Artikulu hau idatzi eta amaitu dudan egunean, horrela deskribatzen du Wikipediak Elena Barrena Osoro, deskribapen horretan bi erreferentzia eta bost esteka daude informazioa osatzen duten Wikipediako beste artikuluetara. Argazki bat badago ere infotaula automatiko nahiko hutsean, eta bestelako informazioak erakusten digunez badago Elenari buruzko Wikidata elementua, eta Wikimedia Commons multimedia orrialdea, argazki bakarrarekin. Artikuluaren kalitateari buruz, oraindik xumea da, ondo eraikia dago behar duen egiturarekin, baina edukiz osatu behar da. Artikuluak berak ematen digun kalitate neurketa informazioaren arabera, C-motako artikulua (4,09) da momentu honetan, eta tamainari dagokionez momentuan 4.125 byte ditu. Informazio hau ez da galduko epe motzean, baina espero dut Wikipediara konfirmatzera sartzen zaretenean datuak hobetuak egotea, hori baita Wikipediaren ezaugarrietako bat, kolektiboan etengabe hobetutako informazioa eskuragarri izatea. Etorkizunera begira, momentuko errealitatetik, idazten dizuet testu hau.

Bide honetan ezagutu dut nik Elena, Wikipedia editatzen, bere ikasle izandakoek estimu handiz, historiagintzan murgiltzeko irakasle izan zutenari gorazarre egiteko artikulu sorta abiatu zuten, eta solasaldi batean Wikipedian artikulurik ez zuela ikusi ondoren, artikulua abiatu nuen. 2024ko martxoaren 10etik du artikulua Elenak, berandu, euskaraz, baina beste hizkuntzetan ez, normalizatua daukagun egitura sozialak ere Interneten eskuragarri dugun informazioan ere asko eragiten baitu, Interneten historia ere prozesu sozial, ekonomiko eta politikoek gurutzatzen baitute. Baduzue ikerketarako gaia hemen nahi baduzue, baita Euskal Herrian lurraldetutako ikuspegitik ere.

Gure inguru hauetan gutxi egiten den proiektu mota sustatu dute Ereiteneko lagunek, bere lanaren eta esango nuke baita enpresaren erreferente intelektualaren lana berreskuratu, irakasle eta ikerlari bezala aitortu, eta zabalpen lan batera ekarriz, maitasun ekintza bat. Wikipediako edizio lanak ere izan dezake maitasunetik, baina sarean, liburuetan, erreferentzietan orokorrean jasotako informazioa jaso eta ordenatzea da bere helburu nagusia, ez du gorazarrerik onartzen, baina bai aitortza, ibilbidearena eta egindako lanarena, hor zentratu naiz, eta bide horretatik doa egiten dudan proposamena, Elena Barrena Osororekin Wikipedian lanean jarraitzeko proposamen bat.

Lanketa abiatuta dago, xume, hobetzeko asmoz, eta beste wikilarien ekarpenen falta du, baina pixkanaka egindako ekarpenen metaketan oinarritu beharko litzake egin beharreko lana. Hala ere, helburuak ere jarri daitezke, eta zergatik ez dugu bihurtzen Elena Barrena Osoro «artikulu nabarmen»? Horretarako edukien lanketarako estrategia txiki bat marraztu beharko genuke, eta lanean jarri. Hala ere, artikulua hobetzeaz gain, badaude albo-lanak, hala nola, Wikidata elementua ondo garatzea, multimedia eduki libreak lortu eta modu librean Wikimedia Commonsen jartzea, edo Elenaren artikuluan lantzen agertzen diren elementuen artikuluak sortu edo garatzea. Wikipediako lanek ez dute amaierarik, horregatik antolatzea garrantzitsua da. Goazen lanketarako bide-orri zirriborro bat marraztera, eta erabiliko ditugun zenbait tresna azaltzera.

Lehen helburua, aurretik esan bezala abiatuta dagoen Wikipediako artikuluarekin jarraitu, edukiz bete eta nabarmen bihurtzea izan daiteke, kalitatea handituz. Artikulu biografikoetan ez da onartzen norberaren artikuluak idaztea edo hagiografia estiloa erabiltzea, horregatik garrantzitsua da, beste edozein artikulutan bezala, atalak ondo pentsatu eta egituratzea, eduki osatua ematea, informazio berriekin osatzea, eta egiten den guztia erreferentziekin finkatzea. Artikuluak osatzeko modu estetikoak ere badaude, irudiak gehituz, informazioa tauletan jasoz, aipu esanguratsuak nabarmendu eta komentatuz, eta kasu honetan Elenak bere ibilbide akademikoan egindako lanen eta ikerketa ildoei zabalpen berezia ematen. Adibidez, zergatik ez dugu osatzen Wikipedian Gipuzkoa artikulua Elenak eta bere ildoa jarraitu dutenek landutako edukiarekin, eta zehatzago, La formación historica de Guipuzcoa lanaren artikulua ere egin dezakegu, pentsa zenbat informazio gehitu dezakegun urteurren urte honetan Wikipediara. Erreferentzietan nabigatuz, pentsa zenbat artikulu berri ekarri ditzakegun euskarara, zenbat untxi-zulo!

Bigarren lanketa bat abiatu gabe dago, Elena Barrena Osoro artikulua beste hizkuntzetara eramatea, agian euskarazkoa landuagoa dagoenean hobeto, baina zein garrantzitsua litzatekeen Gipuzkoak historikoki harremana izan duen beste bi hizkuntza nagusietan, gazteleraz eta frantsesez adibidez, eta komunitatearen gaitasunaren arabera zergatik ez ingelesez, esperantoz eta beste edozein hizkuntzan Elenak tokia izatea. Gaur egun gainera itzulpenak errazteko tresnak eskaintzen ditu Wikipediak bere edizio tresnetan. Ez dut edizio tresnez ezer aipatu, baina oso pozgarria da ikustea zein erraz dugun wikilari teknikoki ez jantziok, Wikipedia ongi editatzeko. Ez dago aitzakiarik.

Hirugarren ildoa, partzialki abiatua dagoena, bestelako wikitresnetan Elenari dagozkion elementu eta kategoriak ondo lantzen joatea da. Adierazgarriena, informazio multimediaren garaietan bizi garelako, Wikimedia Commons proiekturako edukiak jaso eta sortzea da. Elenak badu kategoria bat bertan, eta oraingoz argazki bakarra dago, bere biografia osatzeko Eta Kitto! Eibarko aldizkaritik berreskuratua lizentzia libreei esker, kasu honetan CC-BY-SA. Ai, lizentzia libreen garrantzia, Orionen espazio-ontziak sutan (sic) ikusi baditugu ere, dena galduko da ur-tanta bat itsasoan bezala, eta aro digitalean modu azeleratuan gainera.

Wikitresnen artean garrantzitsuena nire iritziz Wikidata da, eraztun ezagunak bezala, tresna guztiak batzen dituelako, botere ikaragarri handia emanez automatizaziorako, hizkuntza ezberdinetako tresna eta artikuluetan presentzia izateko, erreferentziak sortzeko, katalogatzeko, mapeatzeko, eta informazioaren komunala, herritarron esku dagoen tresna boteretsu bihurtzeko. Elenaren Wikidata elementua sortua dago, baina asko osatu daiteke. Sartu, eta proiektu hau ezagutzera gonbidapena luzatzen dizuet.

Laugarren, eta oraingoz azken lan eremua, edukien lanketarako estrategiari dagokio. Wikipedia eta wikitresnen ekosistema, momentuaren argazki bat izaten da, eta beste guztia bezala ez dago momentuko egoera eta marko soziopolitiko hegemonikoetatik salbu, ezta euskarazko Wikipedia ere. Hala ere, argazki bezala baino, Elenak historiari begiratzeko proposatzen duen moduan, ikusi dezagun Wikipedia eta bertan osatzen doan komunal digitala, gure errealitatearen isla eta eragile den prozesu historiko eta sozialei lotua, eta landu dezagun estrategikoki modu horretan. Wikipediaren ekosistema tresna digitalek eta hauek erabili eta garatzen dituzten komunitateek osatzen dute, eta komunitate hauek zeresan handia dute ezagutza digitalaren markoa ezartzerakoan. Wikipedian egiten dugun lana objektiboa da, baina ez neutroa. Ikuspegi horretatik, Wikipedia euskaraz osatzea ekintza politikoa da, eta ez makala gainera, zeren euskarari ezagutza digitalaren corpus izugarri handia eskaintzeaz gain, edukien aukeraketa eta lehenestea euskal komunitatearen ikuspegitik erabakitzen da.

Kokatzeko bi proiektu eta proposamen gehigarri bat. Elena orain arte Wikipedian ez egotearen arrazoietako bat, informazio digitalean eta Wikipedian dagoen genero arrakala estrukturala da, horregatik ere, garrantzitsua da bere artikulua existitzea, eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak sustatzen duen 30.000 emakume wikiproiektuan kokatzen da, zeinak helburu duen euskarazko biografietan dagoen genero arrakala murriztea, horretarako helburu eta ekimen zehatzak proposatuz. Guk gehitu genezake emakume historialarien presentzia handitzeko ekimen kolektibo bat.

Beste wikiproiektua, apalagoa eta garapena behar duena, Herritarron Historia da, zeinak helburu duen historiaren ikuspegi soziala ikusezintasunetik atera eta Wikipediara ekartzea, horretarako historiaren lanketarako ikuspegi sozial eta herritarra landu duten autore eta ikerlariak ekarriz, eta ikuspegi honetatik abiatuta lanketa gutxi izan duten artikuluak sortu eta daudenak osatuz.

Proposamen gehigarria berriz hau da, Elenaren tesiaren eta Gipuzkoaren lehen agerpen idatziaren efemerideak aprobetxatuz, ondo antolatutako Iputza wikiproiektua sortu eta lantzera animatuko litzake norbait? Elkarlanean garatzeko, noski.

Adimenik ez duen adimen artifizialaren gorazarre garai hauetan, Interneten dugun informaziora sarbidea kakazten ari den bitartean, Wikipedia eta bere ekosistema da herritarrok lurralde digitalean dugun, oso materiala hau ere, hesitu gabeko komunal handiena. Bertan, txikitik abiatuta, eta gustukoen edo ezagunen ditugun gaietatik hasita egin dezakegu ekarpena norbanako eta kolektibo bezala. Gainera, nork idatziko du Elenaren ildoaren jarraitzaile talde batek baino hobeto, Elenak Gipuzkoako historiagintzan irekitako ildoari buruz, robot batek? Robotek eta adimen artifizialak eduki berria sortu dezakete, baina ez pentsamendu berria, eta informazioaren babes eta zaintza guneak eraikitzea tokatuko zaigun garaiotan, zer hobe Wikipedia pentsamenduz hornitzea baino.

Etorkizunaren nostalgiatik, iraganaren nostalgia erreakzionarioari aurre egiteko modu hoberenetako bat izango da informazio eta pentsamendu berriak sortu, jaso eta zabaltzea, Wikipedian adibidez. Jarraitu dezagun untxi-zuloetan beldurrik gabe sartzen.

]]>
https://wikimedia.eus/2025/03/elena-barrena-osoro-wikipedian-lanean-jarraitzeko-proposamen-bat/feed/ 1 Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Zortziko txikia diren bertsoen artikuluak 23 dira gutxienez https://wikimedia.eus/2023/01/zortziko-txikia-diren-bertsoen-artikuluak-23-dira-gutxienez/ Thu, 05 Jan 2023 11:04:42 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1111
Euskal Wikipediako artikulu guztien artean zenbat dira zortziko txikia neurria duten bertsoenak? Galdera horri erraz erantzuteko modu baten bila ibilita, hasieran Zortziko txikiak kategoria definitu dugu Wikipedian, eta gero bertso eta abesti herrikoien artean joan gara markatzen zortziko txiki direnak. Lehenengo saio bat izan da eta ez da intentsiboa izan, abesti modernoetan ere egongo dira […]
]]>

Euskal Wikipediako artikulu guztien artean zenbat dira zortziko txikia neurria duten bertsoenak? Galdera horri erraz erantzuteko modu baten bila ibilita, hasieran Zortziko txikiak kategoria definitu dugu Wikipedian, eta gero bertso eta abesti herrikoien artean joan gara markatzen zortziko txiki direnak. Lehenengo saio bat izan da eta ez da intentsiboa izan, abesti modernoetan ere egongo dira horrelakoak, baina eskuzko markaketa hori bukatutakoan 23 artikulu agertzen dira kategoria honetan. Beheko irudian 25 artikulu daude, baina hor azaltzen diren Bertso eta Zortziko txiki artikuluak ez dira benetako zortziko txikiak.

Zortziko txikiak kategoria

Zortziko txikiak‘ kategoria erabiltzen

Wikipediako kategoria hori definituta, zortziko txikiak lantzeko aukera berriak sortzen dira. Adibidez, Massviews kontsulta bat eginez erraz jakin dezakegu zenbat aldiz bisitatu diren artikulu horiek, eta zein diren bisitatuenak:

Zortziko txiki kontsultatuenak lortzeko Massviews galdera

Hau da kontsulta horren emaitza:

Zortziko txiki kontsultatuenak Wikipedian

Ikusten denez 2022 gabonetako jaietako bisitatuenak hauek izan dira: Behin batean Loiolan, Olentzero joan zaigu, Gernikako arbola, eta Internazionala izan dira.

Berdin oinarrizko beste bertso-neurri batzuekin

Zortziko txikiekin egin den bezala, bertsolaritzako neurri erabilienak diren hauekin ere sortu dira kategoriak:

Neurri txikiaNeurri handia
8 lerro
4 puntu
Zortziko txikiak (4 puntuko txikia)Zortziko handiak (4 puntuko handia)
10 lerro
5 puntu
Hamarreko txikiak (5 puntuko txikia)Hamarreko handiak (5 puntuko handia)
4 lerro
2 puntu
(kopla)
Kopla txikiak (2 puntuko txikia)Kopla handiak (4 puntuko handia)
Neurri erabilienak

Wikidatan ere bai

Wikidatan ere markatu ditugu kategoria horietan sartu diren artikuluak “genero artistikoa” propietatearen bidez. Gainera aipatutako oinarrizko bertso-neurri horiek definitu dira bertso-neurri kontzeptu gisa (Q89522629, poetic form). Bertsoen antolaketa hau, soneto neurriak (hamalaudun) eta ingelesezko hainbat sonetok (esaterako, Shakespeareren Sonnet 57 eta Sonnet 105) Wikidatan duten definizioa aztertu da eta antzeko egitura eman zaie euskarazko bertsolaritzako oinarrizko neurriei.

Definizio horiek eginda, Wikidata kontsulta bakar batekin ikus ditzakegu orain arte Wikidatan dauden bertso guztiak: https://w.wiki/6BuH
kontsulta horretan bertsoaren neurria eta egilea eskatzen dira. Abestien kasuan egilea Noren hitzak propietatearekin definitu ohi denez, balio hori ere erakusten da. Hauek dira kontsultaren emaitzan hasieran azaltzen diren 59 bertsoak:

Wikidatan dauden bertsoak bakoitzaren neurria eta egilearekin

Egitekoak

Listo, bertsoen neurria Wikipedian azaltzeko lehen urratsa (lehen proposamena) eginda dago. Egindako lan hori osatu behar da oraindik, apurka-apurka Wikipedian eta Wikidatan bertso askoren artikuluak gehitu daitezke oraindik. Noski, lan horretan ikaragarrizko laguntza izango da Bertsolaritzaren Datu-basea, zelako ondo egin duten eta zein sakona den sartu duten bertso ezagutza (doinuak, bertsoak, biografiak, saioak, grabazioak…). Itzela. Eskerrik asko!

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Bertsolari Txapelketa Nagusia, Wikipedia eta Wikidataren begiradatik https://wikimedia.eus/2022/12/bertsolari-txapelketa-nagusia-wikipedia-eta-wikidataren-begiradatik/ Mon, 05 Dec 2022 10:17:57 +0000 http://wikimedia.eus/?p=1091
Laster ikusiko dugu 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak eskaintzeko duena. Lehen aldiz historian hiru emakumezko izango dira zortzi bertsolarien artean: titulua defendatzera datorren Maialen Lujanbioz gain, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin izango dira oholtzan. Wikipedian 1935ean egin zen lehen Bertso Gerratik orain arte jokatu diren txapelketa nagusi guztien artikuluak ditugu, baina informazioa ez zegoen ondo […]
]]>

Laster ikusiko dugu 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak eskaintzeko duena. Lehen aldiz historian hiru emakumezko izango dira zortzi bertsolarien artean: titulua defendatzera datorren Maialen Lujanbioz gain, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin izango dira oholtzan. Wikipedian 1935ean egin zen lehen Bertso Gerratik orain arte jokatu diren txapelketa nagusi guztien artikuluak ditugu, baina informazioa ez zegoen ondo antolatuta Wikidatan. Azken egunotan datu horiek antolatzen aritu naiz.

Wikidatako bisualizazioak

Wikidatan datuak antolatzeak aukera ematen digu bilaketa konplexuak egiteko. Bertsolarien jatorria, jaiotza urtea edo BTN bakoitzeko parte-hartzaileak gehituta, estatistikak egiteko aukera dugu. Adibidez, non jaio ziren BTN2022ko bertsolariak, lehiatu diren fasearen arabera?

Behin 2022ko bertsolari guztien jatorria izanda, atzera begira jartzeko unea iritsi da. Zaila da historian izan diren BTN guztien datuak eskuratzea. Zorionez, Bertsolaritzaren Datu-basea (BDB) badugu, Wikidatan egon daitekeena baino askoz informazio zabalagoa eskaintzen duen datu-basea. Guri, momentuz, jaioterria eta jaiotza data interesatzen zaizkigu. Lehenengoa ia bertsolari guztien kasuan dugu, bigarrena zailagoa da atzera egin ahala. Jaiolekua BDBn ezaguna ez denean, beste bilaketa batzuetara jo dut, hala nola herri komunikabideak edo Armiarma. Oso kasu gutxitan izan da ezinezkoa jakitea non jaioa zen bertsolaria. Behin datu horiek lortuta, posible da galdetzea nongoak diren BTN guztietan abestu duten bertsolariak, eta koloreztatzea urtearen arabera (eskuman duzu geruzak aukeratzeko botoia):

Sarreran esan bezala, lehen aldiz hiru emakumezkok kantatuko dute finalean. Emakumeen parte-hartzea handituz joan da azken urteotan, baina oraindik ere txikiagoa da. 1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusian abestu zuen lehen emakumezkoak, 90 bertsolari hartu zituen edizio batean. Sebastian Lizasok irabazi zuen, eta Kristina Mardaras izan zen bidegilea. Hurrengoan ez zen emakumezkorik egon, eta hortik aurrera parte-hartzea pixkanaka hazi da.

Goiko mapa ikusi baduzu, arreta deituko zizun ez duela inoiz zuberotarrik kantatu Bertsolari Txapelketa Nagusian. Oro har, gipuzkoarrak izan dira nagusi, eta espero zen moduan, bizkaitarrak ondoren. Zein herrialdetan jaio dira BTNn historia osoan aritu diren bertsolariak?

Emaitza hau hobeto ikusteko, edizio bakoitzean parte hartu dutenen herrialdeaz galdetu ahal diogu Wikidatari. Eta, horrela, ikusiko dugu 1993tik aurrera ez duela baxenabartarrik kantatu, eta 1986ko edizioa kenduta, 2001era arte ez zela egon arabarrik Bertso Txapelketa Nagusian.

Wikipedian interesa neurtzen

Wikipedian zortzi finalisten artikuluak ditugu. Txapelketa hasi zenetik bakoitzak jasotako bisita kopurua azter dezakegu. Logikoa denez, lehian sartu ahala, bisita kopuruak gora egiten du. Maialen Lujanbiori buruzko interesa ez da Joanes Illarregiri buruzkoa bezain beste, jendeak momentuan duen jakinmina asetzeko erabiltzen baitu Wikipedia. Zeintzuk izan dira irailaren 1etik abenduaren 4ra bitarte finaleko bertsolaririk irakurrienak?

Eguneroko bisiten grafika: https://labur.eus/0F5Ks

Bisita gehien izan dituena Nerea Ibarzabal izan da, eta Sustrai Colina izan da gutxien jaso dituena:

Badakigu zortzi bertsolari hauek historiara pasako direla, eta gero eta artikulu hobeak ditugu. Baina historian badira ahaztuta geratu diren beste hainbat. BTNren batean parte hartu duten eta Wikipedian artikulurik ez duten 123 bertsolari daude une honetan (https://w.wiki/64xo), artikulua duten 174 bertsolariekin alderatuta (https://w.wiki/64xq). Gainera, 72 bertsolarik ez dute argazki librerik, hauetako bat baldin baduzu, bertsolaritzaren historiak eskertuko dizu: https://w.wiki/64xr.

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea Bertsolari Txapelketa Nagusiaren saioa Baionan, Gartxoaken argazkia.
Julio Ruiz de Aldaren aireko altxorra, Commonsen https://wikimedia.eus/2022/02/julio-ruiz-de-aldaren-aireko-altxorra-commonsen/ Tue, 08 Feb 2022 15:45:29 +0000 http://wikimedia.eus/?p=1042
Julio Ruiz de Alda Mikeleitz (Lizarra, Nafarroa, 1897ko urriaren 7a – Madril, Espainia, 1936ko abuztuaren 23a) hegazkinlaria, militarra eta politikari falangista izan zen. 1926an Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen espainiar hidrohegazkin batean, eta hurrengo urtean Nafarroako argazkiak egiteari ekin zion, airetik. Honela, 1927 eta 1931 artean ia Nafarroa Garaia osoa zeharkatu zuen, eta milaka argazki egin […]
]]>

Julio Ruiz de Alda Mikeleitz (Lizarra, Nafarroa, 1897ko urriaren 7a – Madril, Espainia, 1936ko abuztuaren 23a) hegazkinlaria, militarra eta politikari falangista izan zen. 1926an Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen espainiar hidrohegazkin batean, eta hurrengo urtean Nafarroako argazkiak egiteari ekin zion, airetik. Honela, 1927 eta 1931 artean ia Nafarroa Garaia osoa zeharkatu zuen, eta milaka argazki egin zituen. 2019an Nafarroako Gobernuak argazki horiek digitalizatu eta eskuragarri jarri zituen, eta euren bisore espazialarekin ere azter daitezke.

2021ean, Euskarabideak EWKEri emandako diru-laguntzari esker argazki hauek jaitsi, geokokapena eskuratu eta Wikimedia Commonsera igotzeko bidean utzi genituen. Arazo teknikoak izan ziren, ordea, argazkiak masiboki igotzeko erabiltzen den Pattypan tresnak akats bat baitzuen. Baina jada konpondu da arazo hori eta azken egunotan argazki horiek igotzen aritu gara.

1.511 dira igotako argazkiak. Nafarroako gune askotan egindako argazkiak dira, ez baitzuen lortu lurralde osoari argazkiak egitea. Nafarroa Espainiako Bigarren Errepublikaren aurretik nolakoa zen ikusteko aukera ematen digu, Tafalla hegoaldeko Erriberako herri gutxi batzuk izan ezik. Argazkiak kalitate oso handikoak dira, eta ez dago horrelako beste bilduma zaharrik.

Argazkiak geokokaturik daudenez, mapa bidez ere aztertu daitezke, Nafarroako Gobernuaren bisore espazialak eskaintzen duen aukeran bezala. Mapara sar zaitezke helbide honetan: https://wikimap.toolforge.org/?cat=Orthophotos_by_Julio_Ruiz_de_Alda eta bakoitzaren gainean klikatuz argazkia ikusi. Argazki hauek moztu daitezke, eta behar den artikuluetan erabili. Eta, noski, informazioa gehi dakieke, bertan agertzen diren eraikin, etxe eta abarrekin. Honek, argazki horiek hobeto ezagutzeko aukera emango digu, kasu honetan egin dugun bezala:

Iruñea 1927an. Gutxi dira Alde Zaharra eta Lehen Zabalgunearen kanpo dauden eraikinak.

Argazkiak hurbilduz gero, ikus daiteke landa eremuak hartzen zuen hedapena, zenbat larrain zeuden herrietan, edo abere aziendarekin mendira joateko bideak nola agertzen diren.

Larrainak Etxarri Aranazko iparraldean eta hegoaldean.

Gonbidatzen zaitugu, beraz, argazkiak bisitatzera, maparen edo kategoriaren bidez. Eta, zerbait interesgarria aurkitzen baduzu, irudi hori berrerabiltzera. Azken finean, domeinu publikoan dagoen altxorra da hau, guztiok berrerabiltzeko moduan.

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea Lizarra, 1927 inguruan
WikiLoves Bidea https://wikimedia.eus/2021/06/wikiloves-bidea/ Sun, 27 Jun 2021 17:37:21 +0000 http://wikimedia.eus/?p=916
Wikipediak Xacobeo 2021 urteko ospakizunekin bat egiten du, Donejakue Bidearen etapetan aurki daitezkeen ondare-elementuak dokumentatuz. Zergatik Donejakue Bidea? Done Jakue Bidea Galiziako Santiago de Compostelako katedralean dagoen Santiago Nagusiaren hilobira eramaten duten ibilbide-sarea da. Erdi Aroan agertu zenetik, Bidea milaka lagunentzako topaleku eta kultura-trukerako gune izan da. Bideak ezagutzaren tresna gisa duen funtzionamenduaren ondorioz, ibilbideak […]
]]>

Wikipediak Xacobeo 2021 urteko ospakizunekin bat egiten du, Donejakue Bidearen etapetan aurki daitezkeen ondare-elementuak dokumentatuz.

Zergatik Donejakue Bidea?

Done Jakue Bidea Galiziako Santiago de Compostelako katedralean dagoen Santiago Nagusiaren hilobira eramaten duten ibilbide-sarea da. Erdi Aroan agertu zenetik, Bidea milaka lagunentzako topaleku eta kultura-trukerako gune izan da. Bideak ezagutzaren tresna gisa duen funtzionamenduaren ondorioz, ibilbideak Wikipediarekin antzekotasun sinboliko batzuk ditu. Entziklopedia libreak milioika bisita jasotzen ditu, urtero, euskaraz. 376.000 artikulu baino gehiago biltzen ditu zientzia, historia edo herri kulturarekin zerikusia duten gaiei buruz. Sarrera librea eta doakoa da.

Ibilbideetan aurki daitezkeen ondare-elementuen (materialak eta immaterialak) informazioa eta ikusgarritasuna handitzeko, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak #WikiLovesCamino ekimena sustatu du aurten.

Zer da #WikiLovesCamino?

Ekimen honen bidez, boluntario eta wikilarien komunitateari eskatzen zaio Bidearekin lotutako eraikuntza historikoen multzoari buruzko edukiak sar ditzala entziklopedia birtualean, bai eta haien kondaira edo adierazpen biziei buruzkoak ere.

Proiektua, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak sustatu du Wikimedia España, Amical Wikimedia eta Wikimedia Portugalekin batera, eta Wikipediaren euskarazko, gaztelaniako, katalanezko eta portugesezko bertsioen edukiak zabaltzea sustatuko dugu. Talde bakoitzak Donejakue Bideko zenbait etapatan oinarrituko ditu bere ekintzak eta proposamenak. Horrela, Wikimedia Españak eta Amical Wikimediak Bide Frantsesari buruzko dokumentazioa sustatuko dute; Euskal Wikilariek, gainera, Kostaldeko Bideari eta Barneko Euskal Bideari buruzko edukiak jasoko ditu Euskal Herritik igarotzen denean; eta, azkenik, Portugalgo Wikimediak Portugalgo Bidea izango du ardatz.

Nola egingo dugu?

Jardueraren helburua da bidea birtualki egitea eta Wikimedia proiektuen bidez haren ondarea partekatzea. Parte-hartzaileei “egin” eta editatuko dituzten etapak aukeratzeko eskatzen zaie. Bidearen argazkiak dituzten edo hartzen dituzten pertsonentzat, kategoria bat aktibatu da Wikimedia Commons multimedia biltegian, eta bertan Wikipediako artikuluak ilustratzeko erabiliko diren irudiak igo ahal izango dira.

Ekimenak, beraz, Xacobeo urte honetan bertaratu ezin dutenei bisita birtuala egiteko eta eskaintzeko balio du. Dokumentazioak bidea osatzen duten udalerriei buruzko informazioa bilatzen duten erromesei testuingurua eta ezagutza erakusteko balioko du. Bisita planifikatzen lagunduko die. Wikimedia Españako kide Javier Igalek dioen bezala: “Gezi horiak berriro margotuko ditugu, baina digitalean, Wikipedian, inork gal ez dezan eta aukeratzen duen bidean zer dagoen ahalik eta ondoen jakin dezan”.

Nola har dezaket parte?

Informazio guztia Wikipedian duzue, honako helbideetan:

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Euskal Herriko Wiki Loves Monuments 2019 lehiaketako irabazleak https://wikimedia.eus/2019/11/euskal-herriko-wiki-loves-monuments-2019-lehiaketako-irabazleak/ Wed, 13 Nov 2019 09:10:59 +0000 http://wikimedia.eus/?p=668
Mundu mailako Wiki Loves Monuments argazki lehiaketa hirugarren aldiz antolatu dugu hemen, Euskal Herrian, eta emaitza ederrak utzi dizkigu: monumentu eta ondareari buruzko 1370 argazki jaso ditugu, inoizko gehien! Argazki horiek guztiak cc-by-sa lizentzia librea daukate eta Wikipedia zein beste edozein lekutan libreki erabili ahal izango ditugu. EWKE elkarteak izendatutako epaile-taldea aritu da jasotako argazki […]
]]>

Mundu mailako Wiki Loves Monuments argazki lehiaketa hirugarren aldiz antolatu dugu hemen, Euskal Herrian, eta emaitza ederrak utzi dizkigu: monumentu eta ondareari buruzko 1370 argazki jaso ditugu, inoizko gehien! Argazki horiek guztiak cc-by-sa lizentzia librea daukate eta Wikipedia zein beste edozein lekutan libreki erabili ahal izango ditugu.

EWKE elkarteak izendatutako epaile-taldea aritu da jasotako argazki guztien artean aukeraketa egiten. Horretarako, ondoko irizpideak erabili dituzte: kalitate teknikoa; originaltasuna; eta, argazkiaren erabilgarritasuna Wikipedian. 9 argazki izan dira finalerako hautatuak eta horien artean lehen 3 sailkatuek EWKE elkartearen eskutik sari ederrak jasoko dituzte:

Lehen saria: Theklan lankidearen ‘Mollarri gauez, izarren mugimendua atzean’ argazkia.

Euskal Herriko WLM 2019 lehen saria. Egilea: Theklan
cc-by-sa

Bigarren saria: Igerrak lankidearen ‘Nafarroa – Ibañeta’ argazkia.

Euskal Herriko WLM 2019 bigarren saria. Egilea: Igerrak
cc-by-sa

Hirugarren saria: Ebaki lankidearen ‘Bizkaia zubia – Puente_Bizkaia’ argazkia.

Euskal Herriko WLM 2019 hirugarren saria. Egilea: Ebaki
cc-by-sa

Gainerako argazki finalistak hauek izan dira:

Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Igerrak
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Ebaki
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Igerrak
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Theklan
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Theklan
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Theklan
cc-by-sa

Lehiaketara aurkeztu diren argazki guztiak ikusteko:

https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Images_from_Wiki_Loves_Monuments_2019_in_the_Basque_Country

Amaitzeko, garrantzitsuena: gure ondarearen berri ematen duten argazkia mordoa daukagu eskura orain, Wikipedian edo beste edozein egitasmotan libre erabiltzeko.

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Ondarea ezagutaraztea eta babestea ere wikilarion lana da https://wikimedia.eus/2019/08/ondarea-ezagutaraztea-eta-babestea-ere-wikilarion-lana-da/ Wed, 28 Aug 2019 11:51:04 +0000 http://wikimedia.eus/?p=597
Irailero bezala, badator WikiLovesMonuments, munduko argazki lehiaketarik handiena. Helburua, parte hartzen duten herrialdeetako ondare eraikiaren argazkiak egitea, berau ezagutarazi ahal izateko. Lehiaketa 2010ean antolatu zen lehen aldiz Herbehereetan eta, hurrengo urtean, Europan zehar hedatu zen. Gaur egun kontinente guztietako wikilariek hartzen dute parte eta 200.000 argazki baino gehiago jasotzen dira. 2017an Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak […]
]]>

Irailero bezala, badator WikiLovesMonuments, munduko argazki lehiaketarik handiena. Helburua, parte hartzen duten herrialdeetako ondare eraikiaren argazkiak egitea, berau ezagutarazi ahal izateko. Lehiaketa 2010ean antolatu zen lehen aldiz Herbehereetan eta, hurrengo urtean, Europan zehar hedatu zen. Gaur egun kontinente guztietako wikilariek hartzen dute parte eta 200.000 argazki baino gehiago jasotzen dira.

2017an Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak lehen aldiz antolatu zuen lehiaketa hau. Baina arazo larri bat aurkitu genuen gure aurrean: nola definitu zer den ondarea gure herrian? Galdera egitea erraza da, erantzunak aurkitzea ez horren beste. WikiLovesMonuments (WLM) lehiaketak aurreko lan bat eskatzen baitu: zein monumenturen argazkik har dezake parte eta zeinek ez definitzea. Horretarako, estatu bakoitzak lege propioak ditu, eta estatu horren datu irekien arabera errazago edo zailagoa izango da zerrenda bat egitea. Ez da gure kasua. WLM antolatzen hasi ginenean konturatu ginen oso monumentu gutxi zeudela zerrendan: 217 Ipar Euskal Herrian eta 433 Hego Euskal Herrian, 650 guztira.

Iazko argazki irabazleak ikusi.

Ondare zatitu baten erradiografia

Ondare handiko herria da gurea: ondare arkeologiko oparoaz gain, hiribildu zaharrak, erromesen bideak, baserri historiko zein industrializazioari lotutako eraikinez josia dago gure herria. WLM antolatu genuen lehen aldian, ordea, ez zen egoera hau ondo islatzen. Bi legeen pean egindako sailkapenak baino ez genituen.

Ipar Euskal Herrian zerrenda nahiko egonkorra eta publikoa dago, Merimée deituriko datubasea eraikitako ondarerako eta Palissy izenekoa ondare higigarrirako. Lehenengoan biltzen dira “Monument historique” deiturikoak, ondo definitutako elementuak eta lehiaketan parte hartzeko zerrendan oraindik ere ditugunak. Hasiera batean, aurten egin ditugun aurrerapenak izan arte, askoz gehiago ziren Ipar Euskal Herriko ondasun babestuak, biztanleria eta udalerri kopuruari erreparatuz gero.

Hego Euskal Herrian egoera dramatikoagoa zen. Wikilari batzuek, eta parte hartu nahi zuten argazkilari batzuek idatzi zuten galdetuz ea zerrenda labur hori baino ez ote zen ondare. Nola zen posible Iruñea bezalako hiri monumental batean dozena bat ondasun baino ez egotea, eta horietako batzuk, gainera, desagertuta egotea? Erantzuna legedian dago: guk egin genuena zen Bien de Interés Cultural (BIC) bezala Espainiako 1985eko legean jasotakoak zerrendatzea. Eta horiek oso gutxi ziren, 433 baino ez. Ezkerraldea osoan, adibidez, eraikin bakarra agertzen zen: Portugaleteko Andra Maria basilika. Beno, eta Bizkaia Zubia, erdibana zuena Getxorekin. Getxok, bide batez, ez zuen inolako eraikin babesturik zerrenda horretan.

Iruñeko ondasunak, Espainiako Gobernuaren zerrendaren arabera

Arazoa, Espainiako Kultura Ministerioak duen zerrendan dago. Bertan bilaketa eginez gero, 1985ra arte izendatutakoak bakarrik daudela ematen du, eta ez duela inork informazioa berritu, sartu edo partekatu. Gainera, akats batzuk ere baditu: Zubieta eta Iturengo inauteriak Iruñean kokatzen ditu, adibidez. Argi dago zerrenda hori hankamotz dagoela, eta askoz ondare gehiago dugula hor agertzen dena baino.

Zergatik gehitu ondarea?

Zergatik hartu ondare guzti hori bilatu, zerrenda eta igotzearen lana? Wikilari batentzat erantzuna argia da, baina baliteke hortik kanpora ez izatea kasua. Izan ere, instituzio ezberdinetako kideekin afera eztabaidatu dugunean galdera hori ere egin digute: “beno… baina zertarako nahi duzue zerrenda hori?” edo “eta jendeari zer axola dio zeintzuk diren zehazki babestuak dauden etxeak?”. (Albo aipamen gisa, aurrekoan lagun batek esaten zidan arraroa egiten zaiola norbaitek zure lanagatik galdetzea eta zuk garrantzia kentzea, eman beharrean, baina tira, hori beste arazo bat da.)

Ondarearen zerrendak egiteak hainbat helburu ditu, WLM antolatzeaz gain:

  • Alde batetik herri bakoitzean dagoenaren jakitun izan gaitezke horrela. Ze eraikin diren interesgarri, zeintzuk duten historia zati bat edo istorio bat kontatzeko, eta udalerri bakoitzean zer bisitatu erakusten digute.
  • Aurrekoari lotuta, gure “barne turista” ateratzeko aukera ematen digulako. Ondare zerrendak egiten hasi nintzenetik ibilbideak aldatu ditut jada ezagutzen nituen herrietan, beste eraikin bat ikusi nahi dudalako, orain arte fijatu ez naizen xehetasun arkitektoniko bat ikusteko aukera dudalako.
  • Historiarekiko jakinmina pizten duelako: zergatik dago eraikin hori hor? BICen zerrendan agertzen diren elizez gain… ba al dago bestelako eraikin zibilik?
  • Ondarearen zerrendak publiko ez badira, galtzeko aukera dagoelako. Urtero eraisten dira berez babestuta dauden eraikinak, eta hori ez litzateke gertatu behar (izan ere, horretarako babesten dira, inork eraitsi ez ditzan). Ondarea babesteko biderik onena ezagutza dela uste dut.

Baina, arrazoi guzti hauei, WLM lehiaketa ahalik eta kondiziorik onenetan antolatzeko helburua ere badugu. Iraila da epemuga eta, beraz, uda ondarearen zerrendan antolatzen pasa dugu. Ikus dezagun nola.

10.000 puntu gehitu ostean dagoen emaitza

Eusko Jaurlaritzaren ondarea txertatzea

Soilik BIC ziren eraikinak oso gutxi zirela ikusita, Eusko Jaurlaritzaren Ondareari buruzko webgunera jo genuen orain bi urte. Webgune zaila izateaz gain, ezinezkoa zen bertatik informazioa jaistea, eta oso zaila bere kudeaketa. Baina argi zegoen milaka eraikin gehiago zeudela babestuta. 2018an webgunea guztiz aldatu zen, errazago eta erakargarriagoa eginez datuak kontsultatzea. Baina, eta hor zegoen lan honetarako koxkarik handiena, jaistea ezinezkoa zen. Eusko Jaurlaritzak baditu OpenData bidez hainbat datubase, eta webgunearen aplikazioa bera bazegoen, baina ez bertan dauden datuak. Bi bide hartu genituen EWKE elkartetik: alde batetik Kultura Saileko ondare arduradunei eskatu genien datu horiek emateko; bestetik, Scrapper deitzen den teknologia bat erabilita, webgune osoa erauzi genuen. Hackeo horren bidez lortu genuen iaz eraikinen zerrenda luzeago bat eskaintzea, baina muga handi batekin: ez genuen ez loturarik Eusko Jaurlaritzaren webgunera, ez erreferentzia koderik ezta koordenaturik ere. Hala ere, txio kate batean kontatu genuen egindako bidea.

Txio kate hori izan zen ateak ireki zizkiguna. Egun batzuen buruan Ondareaz arduratzen den zuzendariarengana iritsi zen kexa, eta telefono bidez hasi ginen gaiari buruz hitz egiten. Ahalik eta azkarren datu horiek lortzea adostu genuen. Baina ahalik eta azkarren hori luzea izan ohi da administrazioan, eta ia ikasturte osoa behar izan dugu datuen zati bat lortzeko. Gakoa, antza, koordenatuetan zegoen: bi datu base ezberdin ziren, eta aplikazioak bietatik atzitzen ditu datuak, baina ez dute kalkulu-orri bat (Excel bat, ulertzeko) jaisteko aukerarik. Hau da, eraikinak eta euren izenak leku batean zeuden, eta koordenatuak beste batean. Zertarako nahi genuen azaldu eta horren beharra, garrantzia eta konbenientzia behin eta berriro aipatu genuen, eta maiatza amaieran lortu genuen bi gauzak konbinatzen zituen dokumetu bat: basikoki, eraikinen izena gaztelaniaz, euskaraz, udalerria, EJren webgunean duen lotura eta koordenatuak UTM formatoan. Ez zen izan lan erraza, eta hausnartu beharko dugu, guztion artean, datu irekietan eskaintzen denari buruz. Baina hori beste eztabaida bat da.

Kalkulu orria moldatu, landu eta itzulpenak zuzendu ostean (amaieran dagoen atal teknikoan azalduko dut ze tresna erabili ditugun) herriz herri informazioa igotzen hasi ginen. Zuzendu esan dut, izan ere akats ugari ditu zerrendak. Akatsak eta zuzentasun eza konpontzeko aukera da Wikimediak eskaintzen duen gauzetariko bat, noski. Akatsen artean itzulpen automatikoen ajea zegoen. Demagun zerrenda erraldoi batean “Casa Agirre”, “Casa calle Mayor, 24”, “Casa Consistorial” eta “Casa Solar de los Ganboa” dituzula, eta guztiak euskaraz eman nahi dituzula banaka itzuli behar izan gabe. Formula errazak erabilita lor dezakezu “Agirre etxea”, “Mayor (edo Nagusia) 24 kaleko etxea”, “Consistorial etxea” eta “Solar de los Ganboa etxea”. Lehenengo biak ondo daude, azken biak gaizki. Era berean, Euskal Herriko herri askotan dagoen “Iglesia de la Ascensión de Nuestra Señora” izeneko “Ascensión” hori “Igokunde” gisa zegoen itzulita, “Jasokunde” gisa beharrean (akats honek ondorio teologiko garrantzitsuak ditu).

Beste akats batzuk ere bazeuden: eraikin batzuk fonetikoki erregistratu izana, izen generikoegia, edo izen propioa duen etxearen helbidea baino ez jartzea. Horiek guztiak ondoren batuz joan gara azken bi hilabeteotan wikilariok.

Azkenik, kaleetako zenbakiak aldatzen dira, eta hori zuzentzen joan dira wikilari batzuk: “hau jada ez dago Nagusia 24 zenbakian, baizik eta 22 zenbakian”. Txikikeria ematen du, baina ondarea babesteko beharrezko neurria da. Izan ere, 22an bizi denak ez du zertan jakin behar lehen 24an bizi zela eta bere eraikina guztiz babestua dagoela.

Emaitza ikusgarria da, bide batez. Lehen genuen datu eskasiari aurre egin diogu eta orain herriz herriko eraikin guztiak ikus daiteze. Milaka emaitza, ondarea ikustarazteko aukera bikaina.

Donejakue bidea: UNESCOren txostena eta Eusko Jaurlaritzaren zerrenda

Donejakue bidea Gizateriaren Ondarea da. Eta bideari lotuta ehunka eraikin daude. Zeintzuk dira, baina, Euskal Herrian ondare horri lotutako eraikinak? Harrigarria bada ere, erantzun zaila duen galdera da. Bideak marka onak ditu, eta herri asko saiatu dira esaten Donejakuera joateko euren lurretatik pasa behar dela, baina Gizateriaren Ondare horri lotutako eraikinak zeintzuk diren ez du ez Eusko Jaurlaritzak, ez Nafarroako Gobernuak, ez Espainiako Kultura Ministerioak adierazten. Zorionez UNESCOk egiten du, luze eta zabal, Espainiako Gobernuak bidalitako milaka orriko PDF batean oinarrituta.

Sorpresa bat da: UNESCOren arabera Donejakue Bideari lotutako 377 eraikin daude Nafarroan, Gizateriaren Ondarearen zati direnak. Nafarroako Gobernuak ez du horren berri ematen, eta ez dut uste bertan ere jarrita dagoenik. 377 eraikin lehen genituenak baino gehiago dira. Eraikinen zerrenda bat egin, banaka euren koordenatuak aurkitu (katastroaren mapa bat du atxikita eraikin bakoitzak) eta igotzea izan da egindako lehen lana. Baziren hainbat akats, hala ere, UNESCOren txostenean: eraikin gutxi batzuk errepikatuta zeuden (Nafarroako errege-erreginen jauregia, Nafarroako erregordearen jauregia eta Mariskalaren jauregia agertzen ziren, hiruak eraikin bera) eta beste batzuk gaizki zeuden zuzenean (udalerrian eta eskainitako mapan akatsa). Hori guztia konponduta, Nafar bidea, Aragoiko bidea edo Frantses bide batuaren parte ote diren zehaztu eta jada mapa eder batean ikusgai daude:

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Donejakue bideko lau ibilbide zehaztu ditu eta bertan dauden ondare guztiari bidearen etiketa jarri dio, bideari berez lotua izan edo ez. Eman ziguten dokumentuan ez da agertzen, baina behin zerrenda osoa lortuta erlatiboki erraza da informazio hori webgunetik kopiatu eta eraikinak identifikatzea. Kostako bidea, Euskal Herriko barneko bidea, Mena Haraneko bidea eta Saiatzeko aldaera erraz ikus daitezke puntu guzti horiek mapa batean kokatzen baditugu. Eta hori egin dugu.

Orain, Bidea ez da zerbait abstraktoa, eta bere inguruan dagoen ondare guztia zerrendatuta dugu, iturri ofizialek diotenaren arabera.

Nafarroa Garaia: herriz herri legeak interpretatzen

Euskal Autonomia Erkidegoan datubasea eskuratuta igoera posible izan bazen, Nafarroa Garaian erronka bestelakoa da. Erregistro bat dago, udal bakoitzak bere babestutako eraikinak bidali ditu, baina, guk dakigula, erregistro hori ez da publiko.

Orain dela gutxi megalitoen zerrenda argitaratu zen, aurretik Hilarriak taldeak egindako lanean oinarrituta. Zerrenda hori igotzea izan da Nafarroan egindako lehen pausoa. Bide batez, EAEn ere existitzen da arkeologia ondasunen zerrenda bat, baina ondarearen zerrendak duen arazo berbera du: ez da datu libre gisa atzigarria.

Nafarroan 2005ean onartutako ondare lege bat dago, eta udalek euren planak egin dituzte eraikinak babesteko. Esan bezala ez dugu aurkitu zerrenda hori modu koherente batean jaisteko aukera, baina bai udalerriz udalerri egindako memoriak, txostenak edo mapak. Guztiak SIUN izeneko webgunean daude jasota. Kasu batzuetan erlatiboki erraza da zerrenda hori hartu, moldatu eta igotzea, beste kasu batzuetan lan handia da eta batzuetan ia ezinezkoa da, eskuz egindako mapa baten gainean lan egin behar delako. Okerrago: eskuz egindako mapa baten eskaner irudi zaharretik.

Hala ere, udalerririk handienetako zerrendak egitea posible izan da, arreta handia jarrita. EAEko zerrenda igo genuenean Bilbo zen eraikin babestu gehien zituen udalerria (teknikoki, Baztanek ditu gehiago, megalito kopuru izugarria dela eta); Iruñea igo ostean hiri buruzagia da babestutako eraikin gehien dituena.

Udalerriz udalerri egin behar izateak denbora gehiegi eskatzen du, eta zerrendarik lortu ezean, baliteke urteak behar izatea udalerri guztiak egin ahal izateko.

Iruñeko eraikin babestuak zerrenda osoa igo ostean

Erronkak eta hutsuneak

Gure erronka nagusia udalerri guztietako informazioa dugula ziurtatzea da, eta argi dago hori ez dela erraza. Instituzioek publikoa izan beharko litzatekeen informazioa gordetzeko politika eraman dute azken hamarkadetan, eta irekitasunaren bidea irekita dagoela ematen badu ere, inertziek pisu handia dute. Lakuako langile batek bide luze honetan esan zidan bezala, askok uste dute artxibatzea giltzaz ixtea dela.

Zorionez, EAEko Ondare Lege berriak objektu bakoitzari kode bat emateko aukera emango du. Gainera, aurreikusita dago udalerriek ere eurek babestutako eraikinen zerrenda egingo dutela. Honek lan asko aurreztuko digu, eta benetan dugun ondarea ikustarazten lagunduko digu. Nafarroa Garaian ere antzeko zerbait lortzea izugarria litzateke, bertan objektu bakoitzak kode bat duela kontuan hartuta balitekeelako norbaitek, nonbait, datu-base bat izatea. Edo agian ez.

Gure hurrengo erronka objektu guztien argazkiak edukitzea da. Horretarako antolatzen da WikiLovesMonuments lehiaketa, finean. Monumentuen argazki libreak lortzea funtsezko ariketa bat da ondarearen preserbazioan eta dibulgazioan. Badakigu urteak beharo ditugula, hala ere.

Azkenik, informazio guztia libre eskaintzearen onuretako bat da hirugarrengoek ere tresnak egin ditzaketela horrekin. Ondarea identifikatzeko aplikazio bat? Zergatik ez! OpenStreetMapekin zuzenean lotzea? Noski baietz! Udalerrietako mapak egiten direnean Wikidatako itemen loturak dituzten QR codeak jartzea, fisikoki zein paperean? Ba ideia ona da!

Ondarea igotzeko baliabide teknikoak

Ondarearen zerrendak egitea lan korapilotsua izan dela aipatu dut lehenago. Teknikoki, herriz herri zer dagoen eta zer ez jakitea da lehenengo pausoa, ondoren kanpoko beste iturri batekin parekatzeko. Tresna bat bereziki baliagarria izan da lan honoetan: OpenRefine. OpenRefine informazio datu kaotikoak ordenatzeko tresna bat da, Wikidatara igotzeko aukera ematen duena.

Nafarroaren kasuan, batzuetan eraikin baten helbidea lortzea posible zen zerrendatan begiratuta. Googleren APIa erabili daiteke helbide horren koordenatuak lortzeko. OpenRefinerekin ere hau automatizatu daiteke. Hala ere, gainbegiratu behar da informazio hau. Era berean, ziur egoteko koordenatuak ondo daudela, Nafarroako katastroa erabil daiteke. Eraikina bilatu eta koordenatuak zeintzuk diren jakingo dugu. Baita helbidea aldatu den edo ez jakin daiteke horrela.

Igotako guztia ikustarazteko Wikipedian Listeria izeneko bot bat erabili dugu. Listeriak zerrendak egiten ditu, eta herriz herri Wikidatako informazioa baliatzea baimentzen digu.

Argazkiak igotzeko Wikimedia Commonsen aplikazioa edo WikiShootMe webgunea dira tresnarik onenak. Zerk behar duen argazki bat erakusten dizu zure mugikorrean, gertuko puntuak non dauden esanez. Honela, mugikorretik igo ditzakezu eraikinen argazkiak, eta deskribapenak zuzentzea ere posible da (adb, “etxe” gisa markatuta badago eta benetan ez bada etxe bat).

Nola lagundu dezaket?

Gure Wikiproiektuan parte hartuz, adibidez.

WikiLovesMonuments lehiaketan parte hartu dezakezu, eta zure herriko argazkiak igo. Hilabete osoa daukazu argazkiak igotzeko, horretarako prestatu dugun webgunean dauden botoietan klik eginez. Garrantzitsua da bertatik egitea, lehiaketan igotakoa kontabilizatu ahal izateko.

Zure herriko zerrenda ikusi eta zerbait gaizki badago zuzentzeko aukera ere badaukazu. Eraikin baten izena gaizki badago, helbidea edo koordenatuak ez badira zehatzak… guztiak dauka soluzioa gurean.

Beste zerrendarik baduzu, bereziki Nafarroan, gurekin jar zaitezke harremanetan eta partekatu. Honela, hurrengo urtean, milaka monumentu gehiago izango ditugu.

Eta, noski, ondareari buruzko artikuluak osa ditzakezu Wikipedian. Oso gutxiri buruzko artikuluak ditugu, eta uste dugu lana ez dela inoiz amaituko.

]]>
Eduardo Bartolomé Euskal Herriko argazkirik onena (2018): Gasteizko bataila birsortzea. Egilea: Ebaki