Galder Gonzalez – Euskal Wikilarien Kultur Elkartea https://wikimedia.eus Mon, 03 Aug 2026 15:46:29 +0000 eu hourly 1 https://wordpress.org/?v=7.0.4 Euskal herrietako demografia hobeto erakusteko bideak https://wikimedia.eus/2026/08/euskal-herrietako-demografia-hobeto-erakusteko-bideak/ Mon, 03 Aug 2026 14:55:05 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1865
Orain egun batzuk kontatu zuen @ksarasola wikilariak nola aritu garen uda honetan munduko hainbat denbora-serie estatistiko Wikipedian eskuragarri jartzen. Ez da lan makala EHUko Imanol Egaña eta Shalva Jokhadze ikasleek bertako irakasleekin batera egindakoa, eta egunotan Wikimanian ikusi ahal izan dugunez, punta-puntako galdera bati erantzun diogu: nola gorde eta erakutsi denbora-serie luzeak Wikimedian? Orain arte […]
]]>

Orain egun batzuk kontatu zuen @ksarasola wikilariak nola aritu garen uda honetan munduko hainbat denbora-serie estatistiko Wikipedian eskuragarri jartzen. Ez da lan makala EHUko Imanol Egaña eta Shalva Jokhadze ikasleek bertako irakasleekin batera egindakoa, eta egunotan Wikimanian ikusi ahal izan dugunez, punta-puntako galdera bati erantzun diogu: nola gorde eta erakutsi denbora-serie luzeak Wikimedian? Orain arte Wikidata izan da serie batzuk, bereziki biztanleriarena, gordetzeko lekua, baina Wikidatak baditu muga nabarmen batzuk, tartean serie luzeak gordetzeko ez zela diseinatu, eta biztanleriaz gain badirela beste indikadore demografiko, ekonomiko eta kultural ugari modelatzen zailak direnak. Horregatik, munduko herrialdeetako demografia lantzen aritu garen bitartean, beste lan baten lehen oinarriak jarri ditugu egunotan: euskal herrietako datu demografiak erakusteko azpiegitura diseinatzen hastea.

Datu-iturri zatikatuak

Agian ez da sorpresa, baina hortik hastea komeni da: gure herria zatikaturik dagoen bezala, datuak ere zatikaturik daude. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak EUSTATek eskaintzen ditu, Nafarroakoak NASTATek. Bienak bilduta, baina desberdin, eskaintzen ditu Espainiako INEk. Ipar Euskal Herriko datuak Frantziako INSEEk ematen ditu, Pirinio Atlantikoetako departamenduaren barruan beti ere. Trebiñuko datuak jaisteko biderik onena INE dela ematen du, Burgosko datuen barruan. Instituzio bakoitzak datu desberdinak eskaintzen ditu: EAEkoetan posible dena zail izan daiteke Nafarroan; Nafarroan existitzen ez den datu bat partzialki lor daiteke INEn; INSEEk ez ditu INEren adin-tarte berberak erabiltzen, eta datuetako batzuetan desadostasunak egongo dira, definizioa bera desberdina delako.

Datu horien guztien nabigatzen aritu da Gaindegia, adierazle-bilduma ederrak argitaratuz. Bere garaian Udalbiltzak eskaintzen zituen datu horietako batzuk, modu nahiko errazean, eta horiek ditugu txertatuta Wikipediako artikuluetako eskumako infotauletan. Datu horiek, hala ere, ez dira aspaldi berritu. Zahartze-tasaren datua, adibidez, 2016ko urtarrilean igo genuen, eta hamar urte pasata datu-berbera dugu. Zahartu zaigu zahartze-tasa. Jarduera-ekonomikoaren datua 2011koa da, bi krisi atzerago.

Eskumako Iruñeko adibideak erakusten digun bezala, datu zaharkitu horiek berritu beharko genituzke, baina horrek eguneratze sistema eraginkor bat eskatzen du, une honetan Wikidatak eskaini ezin dezakeena. Datu-serieekin hasitako bidea esploratzeko unea iritsi da.

Serie batzuk hautatzea

Lan honetan aitzindari garenez, lehen gakoa izan da datu-serie batzuk hautatzea, zer-nola erakutsi erabaki aurretik. Orain dela gutxi Frantziako udalerri guztietako biztanleria datu historikoak Commonsera igotzeko lanean parte hartu nuen, eta horiek erakusteko bidea topatu behar zen lehenengo. Ipar Euskal Herriko udalerrietan biztanleriaren garapena ikustea zen lehen gakoa, beraz. Bi adibide, hazkuntza betean dagoen Angelu, eta jaitsieran dagoen Urepele.

Behin hori posible zela ikusita, biztanleria-piramidea sartzea izan da hurrengo erronka. Esan bezala, INSEEk, Eustatek, Nastatek eta INEk ez dituzte datuak modu berean eskaintzen. Datuen aldakortasuna gutxienekoa izan dadin, INE eta INSEEko udal-datuak jaitsi, probintziaka zatitu, egonkortu eta igotzea izan da egin beharrekoa. Ondoren, Wikipedian txantiloi eta modulu bat sortu ditut, datuak erakutsi ahal izateko. Emaitza, sarreran ikusten den piramidea da, malgua dena INE eta INSEEko datuen desberdintasuna erakutsi ahal izateko. Behin Hego zein Ipar Euskal Herriko udal guztietan sartuta… pixka bat hedatzeko aukera banuen, eta bot bidez Frantziako eta Espainiako udalerri guztietan sartu dut… konplexua izan den prozesua.

Baina datu demografikoak piramide bat baino gehiago dira. Adibidez, Eustatek 1976tik eta Nastatek 2008tik hazkunde begetatiboaren datua eskaintzen du, hau da, herri batean jaiotakoei hildakoak kentzearen emaitza. Eustatek urtero jaiotako gizonezko eta emakumezkoen datuak udalerrika eskaintzen ditu, Nastatek batez besteko adina; Eustatek oso datu interesgarriak ditu herrietako migrazioen inguruan, bertan erroldatutakoen jaiolekuak erakutsiz. Badirudi INEren datuak zehatzagoak direla. INSEEren datuetan ere horrelakorik egongo dira, aztertuz gero. Datu horiek Wikimedia Commonsera igotzea zen gakoa, udal bakoitzaren INE kodearekin, gero grafikoetan erakutsi ahal izateko.

Nola erakutsi

Datuak igotzea gauza bat da, horiek erakustea bestelako ariketa. Wikimediak duen Chart luzapena oso eskasa da, eta mantenua ere horrelakoa du. Lerroak, barrak eta grafiko zirkularrak egin daitezke, eta horiek ere tentuz. Biztanleria-piramideak, adibidez, ezin dira egin. Edo XY korrelazioak. Baina tresna eskasa izateak ez du esan nahi datu batzuk erakutsi ezin daitezkeenik.

Proiektuaren lehen fase honetan, piramideaz gain, beste hiru datu mota igo ditut, bakoitza bere erakusteko estiloarekin:

Aurrera begira

Honakoa kontzeptu-proba bat izan da, eskutik pixka bat joan eta azkenean Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako udalerri guztietan hobekuntzak eragin dituenak (albo-kalte baino, albo-onura). Gakoa beste grafiko hauetan dago, eta zer erakutsi nahi dugun zehaztean. Infotauletako informazioa ere gaurkotzeko bideak aurkitu beharko dira, Commonsera igotako taula horietan bilatuta. Eta ikasturte berriarekin mundu mailako indikadoreekin egingo dugun bezala (irakur Kepa Sarasolaren hasierako testua), euskal udalerrietako datuak igo eta gaurkotutako sistemak ere asmatu beharko ditugu. Posible izateaz gain, garrantzitsua delako.

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Hiruwiki jaio da, matematika ukitu eta ikusteko teknologia librea https://wikimedia.eus/2026/03/hiruwiki-jaio-da-matematika-ukitu-eta-ikusteko-teknologia-librea/ Mon, 16 Mar 2026 10:09:27 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1737
Matematika ikastea zaila izaten bada, testu hutsez egitea are eta zailagoa da. Wikipedian irudien laguntza dugu, baina orain arte ezinezkoa izan da, muga teknikoak direla eta, ukitu daitezkeen tresnak bertan jartzea. Azken urtean garatu den Template gadgets sistemari esker, euskarako Wikipedia lehenengo hizkuntza da matematikari lotutako Hiruwiki teknologiarekin, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak sortutako sistema. Amets […]
]]>

Matematika ikastea zaila izaten bada, testu hutsez egitea are eta zailagoa da. Wikipedian irudien laguntza dugu, baina orain arte ezinezkoa izan da, muga teknikoak direla eta, ukitu daitezkeen tresnak bertan jartzea. Azken urtean garatu den Template gadgets sistemari esker, euskarako Wikipedia lehenengo hizkuntza da matematikari lotutako Hiruwiki teknologiarekin, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak sortutako sistema.

Amets bat

Oliver Byrneren “The Elements of Euclid” lanaren irudi bat, 1847.

Wikipedian munduko ezagutza guztia bildu eta antolatu nahi dugu, libre eta euskaraz. Gehien bat, testu bidez egiten da ariketa hori, baina badira testu bidez azaltzen zailak direnak, eta matematika zein geografia halakoak dira. Ikusgela proiektua abiatu genuenean euskaraz eduki libre gehiago sortzeko grina genuen, eta berehala etorri zitzaigun proposamena: matematika, kimika eta fisikako problemen inguruko bideoak egitea. Zorionez, badago euskaraz horretan aritzen den Jakindun taldea, bideo libre ugari dituena, eta bi aldiz egin baino, euren edukiak baliatzeko akordioa egin genuen. Bideoak artikulu ugari aberastu dituzte, baina sarean maiz ikusten ditugu matematika ukituz ikasteko tresnak. Ingelesez, ugari; gaztelaniaz eta frantsesez, nahikoa; euskaraz, oso gutxi, berriki sortu den mate.eus baliabidea kasu.

Hizkuntza hegemonikoetan ikasteko material ugari dago sarean, eta horregatik bertakoek zailtasun gehiago dituzte beharra ikusteko. Nolabait, euren beharra asetzen da ugariak diren webgune, hezkuntza baliabide ireki, bideo, podcast eta abarrekin. Euskaraz nahi baditugu, guk sortu behar ditugu. Eta behar ditugu, noski.

Muga tekniko bat

Baina bazen muga tekniko nabarmen bat. Beno, egia esan, bat baino gehiago. Lehenengo muga teknikoa da horrelako tresnek JavaScript erabiltzen dutela, eta Wikipedian JavaScript tresnak egiteko muga ugari zeudela: kanpo baliabideak ezin dira kargatu segurtasun arrazoiengatik, eta tresna bat garatuz gero, erabiltzaileak berak piztu behar du bere hobespenetan, ez bada erabakitzen tresna hori mundu guztiarentzat baliagarria dela. Edozein kasutan, horrek tresna kargatzen du erabiltzaile guztientzat, orrialde guztietan, karga handia eraginez artikulu guztietan.

Iaz Template gadgets izeneko sistema garatu zen. Sistema interesgarria da: baliabide gehigarri horiek kargatzen dira, soilik baldintza batzuk betetzen badira, adibidez, txantiloi zehatz bat duten orrietan, kategoria zehatz batean daudenetan edo, euskarazko Wikipediaren kasu zehatz batean Txikipediako orrialde direnetan. Kodea ez da kargatuko gainontzeko orrialde guztietan, eta horrek asko arintzen du karga-sistema, tresna gehiago sortzeko aukera baliatuz.

Bigarren muga tekniko bat bazegoen: JavaScript bidez funtzionatzen duten bisualizazio horiek egiteko kodeak konplexuak dira. Azken urtean LLM bidez kodeak sortu, garatu edo hedatzeko sistemak ere ugaritu dira. Badaude horren inguruko kezka sozial eta etikoak, baina gero eta ohikoagoak bilakatu dira kodea sortu eta garatzen dutenen artean ere.

Bi muga teknikoak gainditzeko prest ginenez, egingarria ote zen galdetu behar genion gure buruari. Eta hortxe iritsi da Europa Ipar-mendebaldeko Hackatoia.

Europa Ipar-mendebaldeko Hackatoia

Herbehereetako Wikimediak antolatu zuen joan zen asteburuan Europa Ipar-mendebaldeko Hackatoia, Arnhemen, Wikimedia Fundazioaren eta Wikimedia Alemaniaren laguntzarekin. Bertan Europa Iparralde eta Mendebaldeko 70 bat wikilari batu ginen, martxoaren 13 eta 14an zehar ahal ziren gauza gehien elkarrekin konpontzeko. Leku egokia zen hipotesia frogatzeko: posible al da teknikoki halako zerbait egitea?

Lehenengo kezka segurtasunarena zen: LLMk ematen duten kodea segurua al da? Horrelako hurbilpen batek arriskuak al ditu? Lehenengo galderari erantzuna “ez” izan zen. Jasotako kodeak hutsune batzuk zituen, JavaScript bidez kanpo kodea txertatzea ahalbidetzen zuena. Beraz, bertan zeuden segurtasun adituekin batera kodea zurrunago egiteko bideak bilatu genituen lehenengo, sistema osoa sortzeko arkitektura hobe baten bila. Bigarren galderari, ea arriskuak al dituen, erantzun ziur bakarra dugu: inoiz ezingo gara ehuneko ehunean ziur egon, baina egindako aldaketek itxura ona zutela ikusi genuen bertan.

Arazo hori gaindituta, lanean hasteko unea zen: softwarea garatu eta bisualizazioak egiteko asteburu oso bat genuen aurretik.

cc-by-sa: Andre Koopal

Hiruwiki

Ametsari errealitate bilakatzeko bide horretan, lehenengo gauza orrialde nagusi bat sortzea izan zen, proiektua garatu ahala bertan egindakoa dokumentatu ahal izateko. Teknikoki Phabricatorren egin zen, baina Wikipedian beste bide bat behar genuen, eta horretarako izen bat. Hirukiekin (barka, triangeluekin) egin iren lehen probak, eta hortik izena: Hiruwiki.

Tranpa pixka bat bazegoen, hala ere: hackatoira etxeko lanak eginda eramatea, eta aurreko astean kodean aurrerapen handia egitea. Horrela, behin orrialde nagusia eta arkitektura sortuta, posible zen azkarrago moduluak sortzen hastea: triangeluen bisualizazioak, lauki edo pentagonoen barne angeluen batura, probabilitatea puxtarriekin, sinu eta kosinuaren bisualizazioa, angeluen jolas txiki bat, Txikipedian koordenatuak azaltzeko modulu bat… muga nagusia zer erakutsi nahi den pentsatzea da. Aurkezpena baino ordu bat lehenago, azken modulua: martxoaren 14an pi eguna zela probestua (3/14), Monte Carlo metodoa erabilita Pi-ra hurbiltzeko bisualizazio bat.

Badira oraindik doitu beharrekoak, adibidez ziurtatzea mugikorretan ondo ikusi eta ukitu daitezkeela, nazioartekotzea errazteko bideak (oraindik euskaraz baino ez dagoen softwarea da), eta modulu gehiago sortzea. Azken horretarako, hala ere, matematikan didaktikan adituak direnen laguntza beharko dugu. Bitartean, hemen orain arte egindako modulu guztiak: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:Hiruwiki.

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
25 urte euskaraz eta libre https://wikimedia.eus/2026/01/25-urte-euskaraz-eta-libre/ https://wikimedia.eus/2026/01/25-urte-euskaraz-eta-libre/#comments Thu, 15 Jan 2026 07:29:33 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1646
Munduko ezagutza guztia bildu, antolatu eta irakurleei eskaintzea. Hori izan da entziklopedismoak bere hasieratik amestutako ideia. Entziklopediagintza Ilustrazioa baino lehen hasi bazen ere, Frantziako filosofoek ondu zuten Encyclopédiek arrakasta handia izan zuen, belaunaldiz belaunaldi, jakin beharreko guztia antolatzeko lanean. XX. mendean milaka entziklopedia-saltzaile aritu ziren etxez etxe aurrekoa baino nabarmen hobea, osoagoa, berrituagoa, ikasleentzat aproposagoa […]
]]>

Munduko ezagutza guztia bildu, antolatu eta irakurleei eskaintzea. Hori izan da entziklopedismoak bere hasieratik amestutako ideia. Entziklopediagintza Ilustrazioa baino lehen hasi bazen ere, Frantziako filosofoek ondu zuten Encyclopédiek arrakasta handia izan zuen, belaunaldiz belaunaldi, jakin beharreko guztia antolatzeko lanean. XX. mendean milaka entziklopedia-saltzaile aritu ziren etxez etxe aurrekoa baino nabarmen hobea, osoagoa, berrituagoa, ikasleentzat aproposagoa edo praktikoagoa zen entziklopedia hura saltzen. Euren familiaren hezkuntza eta kulturaz arduratzen zen etxe orok bat eduki behar zuen jabetzan. Aurrekoa baino osoagoa, berriagoa, aproposagoa. 

Euskaraz berandu iritsi ginen merkatu horretara. 1990eko hamarkadan hiru proiektu aritu ziren, aldi berean, euskarazko entziklopedia bat sortu eta saltzeko saiakeran. Horietatik bi iritsi ziren inprentara. Lur Hiztegi Entziklopedikoaren azken liburukia inprentatik atera zen garaian, etxe askotara formatu berri bat iristen hasia zen: CD-ROMa. Horrela saldu zuen Microsoftek Encarta, testua eta irudiez gain bideo bat zuen lehen entziklopedia. Internetek ekarriko zuen iraultza hasi berria zen.

Mende berria sartu arte, entziklopedia guztiek eredu berbera jarraitzen zuten: talde editorial batek enkargua luzatzen zien eremu bakoitzeko adituei. Akademiak milaka artikulu idazten zituen, normalean laburrak, papera eta inprenta garestiak baitziren. Zuzentzaileek testuak orraztu, inprentarako prestatu eta etxeetara horiek iristeko bidea hasten zen. Baina mende berriak aldaketa txiki bat ekarri zuen: Internet bidez posible zen, wiki deitzen zen teknologia berri bati esker, testuak elkarrekin idaztea.

Eroa zirudien ideia berak: edonork idatzi dezakeen entziklopedia bat. Edo, bestela esanda, zuk ere alda dezakezun entziklopedia bat. Ideia eroa zen, teorian funtzionatzen ez duten horietako bat, baina praktikan funtzionatu zuena. 2001eko urtarrilaren 15ean sortu zen Wikipedia, hasiera batean Nupedia izeneko entziklopedia laguntzeko asmotan. Laster gainditu zuen Wikipediak Nupedia, milaka artikulu berri sortuta: entziklopedismoa aro berri batean sartu zen.

Ingelesez gertatu zen aldaketa, Interneteko hizkuntza nagusia izanda. Baina 2001ean bertan zerbait harrigarria gertatu zen: beste hizkuntza batzuetan sortutako Wikipediak ugaritzen joan ziren. Katalana izan zen bigarren hizkuntza, alemana hirugarrena. Laster etorri ziren frantsesa, gaztelania, errusiera, txinera, suediera, arabiera… 2001eko abenduaren 6an DrPolilla izeneko erabiltzaile batek euskarazko lehen edizioa egin zuen: Lurra. Euskarazko entziklopedia askea jaio zen.

Euskarazko Wikipedia komunitatean sortzen da. Jende asko igaro da bertatik. Batzuek proiektua aspaldi utzi zuten, beste batzuk hasi berriak dira. 2001ean edizio batekin hasi zen hura 10 milioi aldaketa baino gehiago dira gaur egun. Artikulu bakarrarekin hasi zen, eta milioi erdi gai lantzeko bidean ari gara. Pertsona bakarra hasi zen, eta hilabetero berrehun pertsona baino gehiago ari gara gaur egun, boluntario, euskaraz ezagutza librea sortzen.

Pentsa liteke itzultzaile automatiko eta loro estokastikoen garaian denbora euskarazko testuak idazten ematea esfortzu antzua dela. Gehienez ere, erromantikoa. Azken finean, ez al dakigu jada guztia? Ez al da Wikipedia inoizko entziklopediarik osoena, gaurkotuena, argiena? Zergatik jarraitu behar dugu idazten, makinek jada guk baino gehiago dakitela ematen badu?

Hasteko, ezagutza boterea delako. Ezagutza sortzen duenak, boterea sortzen du. Ezagutza banatzen duenak, boterea banatzen du. Ezagutza pribatizatzen bada, boterea ere pribatizatzen da. Entziklopedismoaren helburua herritarrak boteretzea, ahalduntzea, indartzea da. Euskal entziklopedismoaren helburua euskal hiztunei boterea ematea da: mundua hobeto ezagutzeko, geure burua hobeto ulertzeko, etorkizuna elkarrekin pentsatzeko.

Ezagutza ez da mamu bat, ez dago flotatzen. Ezagutza pertsonek sortzen dute, elkarrekin lan egiten dutenean. Burmuinak ditu, bihotzak ditu, hankak, eskuak, ahoak, belarriak. Ezagutza guztiok sortzen dugu, eta gu gabe ez dago zer sortu, ez dagoelako nork pentsatu, nork bildu, nork entzun, nork irakurri.

Ezagutza boterea da” esaldia egotzi zaio Francis Baconi. Munduko ezagutza guztia bilduko zuen entziklopedia bat egiteari buruz hauxe esan zuen: “Ulertzen dut badaudela lanak pertsona bakar batek egin ditzakeenak, baina ez edozein pertsonak; pertsona askok egin ditzaketenak, baina ez banako batek; amaitu daitezkeenak belaunaldien segidaren ondorioz, baina ez gizaki baten bizitzako hareazko-erlojuaren denboran; eta lor daitezkeenak esfortzu publikoaren bidez, baina ez ekimen pribatuaren ondorioz.”

Euskarazko Wikipediak 25 urte beteko ditu 2026an. Belaunaldi bat dira hogeita bost urte. Lan itzela egin du belaunaldi honek, Baconen ideiarekin bat: ez bakarka, taldeka; epe luzeko esfortzuaren bidez, eta ekimen kolektibo eta publikoaren bidez. 

Asko egin dugu. Asko dugu egiteke. Euskaraz, eta libre, egiten ari gara. Zorionekoak gara wikilariak: oraindik ezagutza bildu, antolatu eta libre emateko aukera dugu.

]]>
https://wikimedia.eus/2026/01/25-urte-euskaraz-eta-libre/feed/ 1 Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Erronka digitala ulertzeko ikas-egoera prest https://wikimedia.eus/2025/12/erronka-digitala-ulertzeko-ikas-egoera-prest/ Tue, 09 Dec 2025 10:23:04 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1558 Marrazki bat, neska bat ordenagailu baten aurrean, kaskoak jarrita dituela.
2024an Wikikasi izeneko ekimena abiatu genuen, Wikimedia darabilten ikas-egoera libreak egiteko, Talaios Kooperatibarekin batera. 2024an HUHEZI ere bidaide izan genuen. Oraingoan 6. ikas-egoera aurkeztu nahi dizuegu, Badalabekin batera egin duguna: Erronka digitalak. Ikas-egoera guztiz modularra da, digitalizazioak sortzen dituen eztabaida eta arazoen inguruan ikasi eta pertsonen, naturaren eta herrien errespetuan oinarritutako zerbitzu bat sortzea helburu […]
]]>
Marrazki bat, neska bat ordenagailu baten aurrean, kaskoak jarrita dituela.

2024an Wikikasi izeneko ekimena abiatu genuen, Wikimedia darabilten ikas-egoera libreak egiteko, Talaios Kooperatibarekin batera. 2024an HUHEZI ere bidaide izan genuen. Oraingoan 6. ikas-egoera aurkeztu nahi dizuegu, Badalabekin batera egin duguna: Erronka digitalak. Ikas-egoera guztiz modularra da, digitalizazioak sortzen dituen eztabaida eta arazoen inguruan ikasi eta pertsonen, naturaren eta herrien errespetuan oinarritutako zerbitzu bat sortzea helburu duena. Bidean, Ikusgelako “Erronka Digitalak” bideoekin ikasteko gonbidapena egiten da.

Ikas-egoera modularra

Orain arte sortu ditugun ikas-egoera gehienek sekuentzia bat eskaintzen zuten, saio bakoitza aurrekoaren gainean eraikiz. Ikas-egoera honek sekuentzia bat proposatzen badu ere, aukera eskaintzen du eremu batean gehiago sakontzeko, edo ikas-egoera guztia egin gabe ere, erronka zehatz bati eusteko. Horrela, 14 saio pentsatu ditugu, baina gutxiago edo gehiago sakondu irakaslearen esku dago guztiz. Ekonomia digitala, irisgarritasuna, hizkuntza edo adimen artifiziala gehiago jorratu nahi dituzula? Arazorik ez! Horietan sakontzeko materiala eskuragarri izango duzu.

Post by @badalab@mastodon.eus
View on Mastodon

Digitalizazio kritikoa helburu

Ikas-egoeraren helburua digitalizazioak sortzen dituen erronkei heltzea da. Horretarako Ikusgela proiektuan sortu ditugun Erronka Digitalak bideoak erabiltzeko gonbidapena egiten du.

Ikas-egoerak digitalizazioaren historia, ekonomia digitala, segurtasuna eta pribatutasuna, jabetzaren auzia, adimen artifizialaren arazoa, burujabetza digitala edo arrakala ugari lantzeko bideak jasotzen ditu. Euskararen mugei buruz edo gure hautu teknologikoek sortzen dituzten arazo ekologikoen inguruan eztabaidatzeko jarduerak ditu, eta puntako baliabideak eskaintzen ditu ariketa horiek garatu ahal izateko.

Zuzenean erabiltzeko prest

Beste ikas-egoera guztiak bezala, zuzenean erabili daiteke. Kasu honetan DBH 2ko konpetentzietarako moldatu da, baina esfortzu oso txikiarekin DBH 3n ere erabil daiteke. Aurkezpenean adierazi zen bezala, “Plug&Play” edo “Pret-a-porter” moduan dago pentsatuta. Argudiaketa kurrikular osoa, konpetentzien azalpen zehatza eta jarduera bakoitzaren errubrika jasotzen dira. Erabili nahi duzula? Hemen lotura: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Wikikasi/Erronka_digitalak

Post by @Talaioskoop@mastodon.eus
View on Mastodon
]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Euskal Herriko historia Txikipedian landu dute Oteitza Lizeoan https://wikimedia.eus/2025/10/euskal-herriko-historia-txikipedian-landu-dute-oteitza-lizeoan/ Wed, 29 Oct 2025 16:02:25 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1485 Oteitza Lizeoko ikasleak sarrera hitzaldian.
Euskal Herriko historia 100 objektutan lantzeko proiektua abiatu genuen euskarazko Wikipedian, eta dagoeneko martxa bizian da proiektua. Museoekin lanean ari gara argazkiak lortzeko, artikuluak lantzen eta hobetzen ari gara, eta laster aurkeztuko ditugun multimedia proiektu batzuk ere bidean dira. Baina bagenuen hutsune handi bat: objektu horien inguruan hitz egitea Txikipedian. Joan zen astean Zarauzko Oteitza […]
]]>
Oteitza Lizeoko ikasleak sarrera hitzaldian.

Euskal Herriko historia 100 objektutan lantzeko proiektua abiatu genuen euskarazko Wikipedian, eta dagoeneko martxa bizian da proiektua. Museoekin lanean ari gara argazkiak lortzeko, artikuluak lantzen eta hobetzen ari gara, eta laster aurkeztuko ditugun multimedia proiektu batzuk ere bidean dira. Baina bagenuen hutsune handi bat: objektu horien inguruan hitz egitea Txikipedian. Joan zen astean Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoko Batxilergoko ikasleek 100 objektu horiek hartu eta, goiz osoko saioan, 48 artikulu landu zituzten, euren irakasleen eta Ikastoletako bideratzaileen laguntzarekin.

EWKE eta Ikastolen arteko harremana orain urte batzuk hasi zen, DBHko ikasleekin egiten dugun urteroko erronkarekin. Aurten erronka handiagoa bota genion Ikastolei: Euskal Herriko historia 100 objektutan lantzeko laguntza behar genuen, eta Batxilergoko ikasleekin egin nahi genuen. Esan eta egin. Urriaren 22an Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoko 190 ikaslek goiz osoa eskuragarri zuten erronkari eusteko.

Goizeko 8:00etan hasita, hitzaldi orokor bat jaso zuten ikasleek, proiektuaren nondik norakoak ulertzeko. Ondoren, ikasleak euren geletan banatuta, iturrien inguruan, fidagarritasunaren inguruan edo sareko etiketaren inguruko lanak izan zituzten.

Azkenik, lauko taldetan antolatuta, talde bakoitzari objektu bat esleitu zitzaion. Objektu bakoitzarekin egin beharrekoa ariketa konplexua zen: alde batetik, objektua bera zer zen azaldu behar zuten; bestetik, bere testuinguru historikoan kokatu behar zuten. Hau da, objektu hori zergatik zegoen Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuaren baitan azaldu behar zuten. Horretarako Wikipediako artikuluak, museoetako webguneak eta kanpo iturriak zituzten. Egunaren amaieran Txikipedian artikulua argitaratu behar zuten.

Erronka handia zen, baina ikasle eta irakasleek oso ondo erantzun zuten. 48 artikulu berri sortu ziren Txikipedian, eta dagoeneko proiektuan dauden objektuen erdiak artikulua du Txikipedian. Ikusi nahi badituzu (eta artikuluak osatzen lagundu), proiektuaren webgunean TX botoia dutenak dira.

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea Oteitza Lizeoko ikasleak sarrera hitzaldian.
Wikimania 2025 Nairobin, munduko wikilarien topaleku https://wikimedia.eus/2025/08/wikimania-2025-nairobin-munduko-wikilarien-topaleku/ Tue, 12 Aug 2025 08:47:17 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1459 Hainbat wikilari, argazki esferiko batean. Egilea: Omar sansi
Euskal Herrian wikilariak dauden bezala, munduko txoko askotan daude ezagutza librearen aldeko ekintzaile eta entziklopedistak. Horiek biltzeko helburua du Wikimaniak, urtero munduko txokoren batean egiten den lau eguneko bilkurak. Hitzaldiak, tailerrak, konferentziak, eztabaidak eta bestelako ekimenak antolatzen dira, eta 2025ean Nairobin ospatu da, Kenyako hiriburuan. Urteroko zita da Wikimania: euskal wikilariok ordezkaritza izan dugu bertan […]
]]>
Hainbat wikilari, argazki esferiko batean. Egilea: Omar sansi

Euskal Herrian wikilariak dauden bezala, munduko txoko askotan daude ezagutza librearen aldeko ekintzaile eta entziklopedistak. Horiek biltzeko helburua du Wikimaniak, urtero munduko txokoren batean egiten den lau eguneko bilkurak. Hitzaldiak, tailerrak, konferentziak, eztabaidak eta bestelako ekimenak antolatzen dira, eta 2025ean Nairobin ospatu da, Kenyako hiriburuan.

Urteroko zita da Wikimania: euskal wikilariok ordezkaritza izan dugu bertan 2018an Italiako Esino Lario herri txikian egin zenetik. Montrealen, Lurmutur Hirian, Estokolmon, COVID-19 pandemiaren ondorioz online egin ziren bi saioetan, Singapurren edo Poloniako Katowicen izan gara, gure esperientziak partekatzen eta besteen esperientzietatik ikasten.

Aurten Ekialdeko Afrikako wikilariek antolatu dute Wikimania, Nairobiko Gigiri eremuan, Nazio Batuen Erakundearen egoitzetatik batetik gertu. Wikimedia Fundazioaren beka bati esker bertan izateko aukera izan dut, baita Wikimania hasi aurreko egunean egindako “Eskumen Hedatuko Wikilarien bilkuran”, hau da, proiektu desberdinetan administrazio lanak egiten dituztenen bilkura berezi batean.

0 eguna: Eskumen Hedatuko Wikilarien bilkuran

Eskumen Hedatutako Wikilarien bilkura, 0. eguna. Argazkia: Habib M’henni

Wikipediak funtziona dezan, arazoak kudeatuko dituzten boluntarioak beharrezkoak dira. Euskarazko Wikipedian administratzaile deitzen diegu horiei: komunitateak hautatzen ditu, eta gaizki sortutakoak ezabatu, bandaloak blokeatu eta bestelako jarduerak egiteko aukera dute. Orain arte ez zen egin horien bilkurarik, eta Wikimaniaren aurreko eguna probestu zuen Wikimedia Fundazioak jardunaldi berezia egiteko. Administrazio tresnen, behar berezien eta ikuspuntu neutralaren inguruan egiten ari diren eztabaiden berri izan zen bertan, egun osoko programaren baitan.

Wikimania: hitzaldiak, tailerrak eta elkarrekin ikastea

Zaila izaten da leku berri batera iritsi eta nola dagoen antolatuta ikastea. Horregatik interesatzen zaizkizun hitzaldiak galtzeko aukera ere egoten da! Konferentzia gunea hotel/zentro komertzial baten barruan zegoen, hiru pisutan banatuta. Azken urteotan eventyay izeneko plataforma erabili da Wikimanian hitzaldiak antolatu eta nabigatu ahal izateko.

Orain arte, Wikimania gehienetan, hizkuntza eta hezkuntza gaietara joatea hobetsi dut, baina aurten museoekin egiten den lanari buruz gehiago ikasteko aukera baliatu nahi nuen. Horregatik hitzaldien aukeraketa eklektikoa izan da. Lehen egunean instituzioekin argazkien baimenak kudeatzeko erabiltzen den VRT sistema gehiago ezagutzeko aukera izan dut, eta artxiboak Wikimedia Commonsera igotzeak duen garrantzia aipatzen zuen hitzaldi batera joan naiz. Tarte bat probestu dut Our World in Datako bisualizazioak euskarazko Wikipedian nola sartu ikasteko, proiektu horren aitzindari baikara, MDwikiko lagunen garapen teknologikoarekin. Eta, goiza amaitu aurretik, Japonierazko Wikipedian kurduen aurka dagoen jarreraren berri izan dut, mundu mailan eskuin muturrak migratzaileen aurka duten jarreraren beste gudu-zelai bat.

Argentina, Txile, Mexiko eta Kolonbiako wikilariek auren esperientziak azaltzen. Argazkia:
Luisalvaz

Arratsaldez, Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendari buruzko hitzaldian egon nintzen, eta euskal komunitatearen esfortzua aipatu zen bertan. Annie Rauwerdak Depths of Wiki orrialdeari buruzko umorezko hitzaldia eskaini zuen ostean, eta beno… umore pixka bat beti dago ondo. Ondoren, GLAM proiektuetan erabiltzeko tresnen inguruko tailerrean, eta Hego Amerikako wikilariek memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanaren mahai-ingurua jarraitu nituen, irekiera ekitaldia ikusi aurretik. Irekiera ekitaldian urteko wikilariak ere iragarri zituen Jimmy Walesek.

Hurrengo egunean AAk gure proiektuetan duen eraginari buruzko hitzaldia jarraitu nuen, talde argazkian parte hartu aurretik. Ikerketak garrantzi handia du edozein proiektutan, eta horregatik gustatzen zait urtero egiten den Wikimediaren gaineko ikerketa laburpen hitzaldira joatea. Eta, ondoren, 5 minutuko hitzaldien tartean ere parte hartu nuen, “Unpopular opinions” deitzen den saio interesgarrian: nahi zuenak 5 minutu zituen probokatzailea zen proposamen bat egiteko, erdi broma erdi serio. Maiz, umoreak laguntzen du aurrera egiten!

3. egunean ikerketa gaiekin jarraitu nuen, eta Wikimedian multimediak duen garrantziari buruzko saioan egon nintzen, non Ikusgela ere aipagai izan zuen hizlariak. Erronka handiak daude eremu horretan, atzean geratzen ari baikara plataforma gisa, hizlariek argi utzi zutenez. Goiza amaitzeko, beste proposamen bitxi bat: nola hitz egin usaimenari buruz Wikimedia proiektuetan. Tarte horretan bilera egin nuen Wikimedia Frantziarekin, laster abiatu nahi dugun proiektu baten inguruan (bai, Wikimania bilerak egiteko lekua izaten da). Eta, arratsaldeko saioekin amaitzeko, beste 5 minutuko hitzaldien ziklo bat, non Jimmy Wales bere liburua saltzen saiatu zen. Ah… eta Karaoke arratsaldea… baina hori beste kontu bat da.

Eguna amaitu aurreko bilera bat, gaztelania eta portugesa hitz egiten den herrialdeetako kideen bilkura. Erdialdean atzean nago, nahiz eta gaztelania ez den gure lan hizkuntza. Argazkia: ProtoplasmaKid

Aitortzen dut: azken goizean turismo pixka bat egiten nuen, hainbeste egun hoteleko pareten artean eman eta gero. Goizean beste wikilari batzuekin safari bat egitera joan ginen Nairobiko Parke Nazionalera, hirian bertan dagoen gune naturala. Baina eguerdirako bueltan ginenez, aukera izan nuen Wikimedia darabilten joko eta jolasen hitzaldia jarraitzeko, eta Wikimedia Fundazioak bultzatu duen ikuspuntu neutralaren inguruko nire iritzia emateko, proiektua kudeatzen ari den wikilariarekin bilkura luze bati esker.

Antolatzaile nagusiak itxiera ekitaldian. Argazkia: YACOUB DOUNGOUS.

Itxiera ekitaldia eta gero, festa. Eta, festatik atera eta gutxira, bueltako hegaldia. Hurrengo urtean Parisen izango da Wikimania, eta espero dut euskal wikilariok parte-hartze zabala eraman ahal izatea bertara.

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea Hainbat wikilari, argazki esferiko batean. Egilea: Omar sansi
Artxiboen Nazioarteko Eguna, Caracasko Konpainiarekin https://wikimedia.eus/2025/06/artxiboen-nazioarteko-eguna-caracasko-konpainiarekin/ Mon, 09 Jun 2025 20:02:53 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1393
Ekainaren 9an Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzen denez, gaur igo dugu Caracasko Konpainiaren artxiboaren lehen zatia Commonsera. Donostian zegoena ingelesek erre zuten, baina egunotan EWKEko bi kidek Caracasen egindako lanari esker, Venezuelako hiriburuan dagoen artxibo zatia ezagutu eta dokumentatu ahal izan dugu. Aurreko batean kontatu genizuen “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuarekin museoekin lanean ari ginela, […]
]]>

Ekainaren 9an Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzen denez, gaur igo dugu Caracasko Konpainiaren artxiboaren lehen zatia Commonsera. Donostian zegoena ingelesek erre zuten, baina egunotan EWKEko bi kidek Caracasen egindako lanari esker, Venezuelako hiriburuan dagoen artxibo zatia ezagutu eta dokumentatu ahal izan dugu.

Aurreko batean kontatu genizuen “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuarekin museoekin lanean ari ginela, bertan dugun aberastasuna dokumentatzeko saiakeran. Zerrendan dugun objektuetako bat Itsas Museoan dagoen Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren akzio bat da. Konpainiaren inguruan artikulu sakona dugu gurean, baina dokumentazio grafikoa eskasa da. Gipuzkoako Artxibo Historikoan ere konplexua da egoera, Donostiako sutean erre baitziren konpainiaren artxiboak.

Egunotan bi wikilari Bogotára WikiEdu konferentzian parte hartzera joan behar ginela probestuz, eta Simón Bolívarren museoarekin Caracasen bisita bat genuela ikusita, Caracasko Konpainiaren dokumentazioa egiteko aukera baliatu dugu. Horretarako, Caracasen bizi den lagun baten eta Bilbon Venezuelak duen kontsulatuaren laguntza izan dugu. Jarraitu beharreko lehen pista La Guairan Konpainiak zuen etxea bisitatzea zen.

La Guairan konpainiak zuen egoitza nagusia, gaur egun estatuko Gobernazioaren egoitza.

Caracasko kontaktua bertara joanda, artxiborik ez zuen topatu. Han esan zioten akaso Liburutegi Nazionalean egongo zela. Liburutegi Nazionaletik ezetz, Artxiboan egon zitekeela. Eta Artxiboan baietz, han bazela zerbait. Eta kontaktua eginda, eurekin lanean hasi ginen hemendik. Joateko astebete falta zela, itxaropentsua ez zen mezua jaso nuen: bertan dagoena ez da Konpainiaren artxiboa, baizik eta Probintziak zuen ogasuneko dokumentazioa, Konpainiari buruz hitz egiten zuena. Kutxa asko zeudela, eta egunak beharko genituzkeela zer ote zegoen jakiteko. Noski, guk ordu batzuk baino ez genituen.

Venezuelako Nazioaren Artxiborako sarbidea.

Hala ere, joan zen astean gerturatu ginen artxibora. Eta, gure sorpresarako, astebete lehenago esandako mezua ez zen zuena. Raúl Jiménezek hartu gintuen, Venezuelako Nazioaren Artxiboko arduradunak, hiru liburu zituen kutxa baten barruan: “oker nengoen, bagenuen, eta ondo antolatuta”. Hiru liburu horiek mekanografiatutako aurkibidea ziren, eskuz idatzitako beste 49 liburu handiren barruko edukiarekin. “Nahi dituzuen argazki guztiak atera ditzakezue”. Eta horretan jarri ginen.

Behin aurkibibideak ikusita, benetako eskuizkribuek duten itxura.

Gaur, Artxiboen Nazioarteko Egunean, hiru liburuetako bat (II.a, arrazoi teknikoak direla eta) Wikimedia Commonsera igo eta Wikisourcen testua lantzeko gai jarri dugu. Laster beste bi aurkibideak eskuragarri jarriko ditugu, eta Gipuzkoako Artxibo Historikoaren esku jarriko dugu edukia. Artxiboak ere maite ditugulako.

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Simón Bolivar eta Euskal Herriko historia 100 objektutan https://wikimedia.eus/2025/06/simon-bolivar-eta-euskal-herriko-historia-100-objektutan/ Mon, 02 Jun 2025 19:43:25 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1383
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bultzatutako “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuaren baitan bisita berezi bat egiten ari gara Caracasen, aurreko egunotan Bogotán EduWiki2025 konferentzian parte hartu eta gero. Lehen egunean Simon Bolivarren jaiotetxea eta Ameriketako askatzaileari eskainitako museoa bisitatu dugu, bertako arduradunen eskutik. Museoko objektuetako bat objektuen zerrendara gehitu eta dokumentatzeko saiakeraren parte da. Euskal […]
]]>

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bultzatutako “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuaren baitan bisita berezi bat egiten ari gara Caracasen, aurreko egunotan Bogotán EduWiki2025 konferentzian parte hartu eta gero. Lehen egunean Simon Bolivarren jaiotetxea eta Ameriketako askatzaileari eskainitako museoa bisitatu dugu, bertako arduradunen eskutik. Museoko objektuetako bat objektuen zerrendara gehitu eta dokumentatzeko saiakeraren parte da.

Euskal Herriko historiari lotutako objektuen bila aritu gara azken urtean museoetan, han hemenka. Zerrenda osatu dugu, ia-ia amaituta jada, eta kontatu nahi dugun gaietako bat euskaldunek munduan zehar izandako garrantziarena da. Hasieratik ikusi genuen euskaldunen historia kontatzeko, Amerikara joan eta bertan botere politikoa lortu zuten pertsonaiak ere aipatu behar genituela. Eta akaso ez da egongo Simón Bolivar baino pertsonaia garrantzitsuagorik. Euskal Herrian bada Bolivarri eskainitako museo bat, zehazki Ziortza-Bolibarren. Baina… ba al dago bere jaioterrian interesgarria izan daitekeen objekturik?

Galdera horrekin joan ginen orain dela hilabete batzuk Venezuelak Bilbon duen kontsulatura. Handik gutxira jakin genuen bi urtean behin Wikipedia eta hezkuntza lotzen duen mundu mailako konferentzia Bogotán egingo zela, eta bi wikilarik hartu dugu parte bertan (aipatuko dugu beste mezu batean hori). Bidaia probestu eta Caracasera etortzea bururatu zitzaigun. Kontsulatuarekin kudeatu ostean, gaur bertan hartu gaituzte bertako arduradunek: Yma Sumac Carhuarupay, Museo Bolivartarren Sarearen zuzendaria; Santos Himiob, Venezuelako Liburutegi Nazionaleko arduraduna; Johanne Gonzalez, Bolivarren Jaiotetxeko zuzendaria; eta Jonathan Aular, museoko langilea.

Bagenekien museoan hiru gauza interesgarri zeudela: Bolibar herriko lurra zuen edukiontzi bat, Bolivarren lehen bi hilobiak eta hainbat errotarri, bere abizenaren euskal jatorriari erreferentzia egiten diotenak. Etxeko sarreran errotarri bat dago jarrita, bere armarriaren azpian.

Simón Bolivarren jaiotetxeko armarria, Bolivar familiarena, eta errotarri bat, Bolibar abizenaren jatorriaren seinale.

Baina bisita egiterakoan beste bi elementuk deitu digute arreta. Bata, wikilari gisa interesgarria, Bolivarrek Encyclopédieren kopia bat zuela. Garaiko Ilustrazioari lotutako beste liburu batzuekin batera, Europan ezagutzaren inguruan zegoen mugimenduarekin harremana bazuen, beraz. Bigarrena, kanpainetan erabiltzen zuen idazmahai eramangarria, bere tintontzi eta lumarekin.

Bolivarrek erabili zuen idazmahai eramangarria.

Oraindik ez dugu erabaki zein objektu jarriko dugun zerrendan (laster hemen eztabaidatuko dugu), baina idazmahaia interesgarria da, beste objektu batekin lotu dezakegulako: Agirre Lehendakariaren idazmakina.

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Ikas-egoerak behar dituzu? Wikikasi aurkezten dizugu https://wikimedia.eus/2025/05/ikas-egoerak-behar-dituzu-wikikasi-aurkezten-dizugu/ https://wikimedia.eus/2025/05/ikas-egoerak-behar-dituzu-wikikasi-aurkezten-dizugu/#comments Tue, 20 May 2025 13:59:49 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1370 Wikikasi logoa
Azken urteotan aldaketa nabarmena bizi dugu hezkuntzan, eta ikas-egoerak ikasleen konpetentzien inguruan sortutako aldaketa horren lekuko dira. Horregatik, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, Talaiosen laguntzarekin eta HUHEZIren aholkularitzarekin Wikimedia darabilten ikas-egoera libreak argitaratzea erabaki dugu. Dagoeneko lehenengo laurak sarean ditugu, zure ikastetxean erabiltzeko prest, Wikikasi deitu dugun ekimenaren parte. EWKE sortu genuenetik Wikipedia eta hezkuntza bateratzeko […]
]]>
Wikikasi logoa

Azken urteotan aldaketa nabarmena bizi dugu hezkuntzan, eta ikas-egoerak ikasleen konpetentzien inguruan sortutako aldaketa horren lekuko dira. Horregatik, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, Talaiosen laguntzarekin eta HUHEZIren aholkularitzarekin Wikimedia darabilten ikas-egoera libreak argitaratzea erabaki dugu. Dagoeneko lehenengo laurak sarean ditugu, zure ikastetxean erabiltzeko prest, Wikikasi deitu dugun ekimenaren parte.

EWKE sortu genuenetik Wikipedia eta hezkuntza bateratzeko proiektuak garatzen aritu gara. Unibertsitateekin izan gara lanean, batez ere, baina Bigarren eta Lehen Hezkuntzan ere proiektuak egin ditugu. Azken urteotan, LOMLOE legea dela eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan ikas-egoerak erabiltzeari ekin diote, baina irakasleek zailtasunak dituzte horiek garatzeko. Aldaketa gehiegi, eta denbora gutxiegi. EWKEk lagundu nahi du, eta hainbat ikasgai bateratzen dituzten ikas-egoera libreak argitaratzeari ekin diogu.

Proiektuaren lehen fasean Talaios Kooperatiba izan dugu bidelagun, eta HUHEZIren aholkularitza proiektu pedagogikoa garatu eta konpententzia digitalen markoa ahalik eta hoberen erabiltzeko. Lehenengo ikasturteko lanak eginda, DBHn erabil daitezkeen lau ikas-egoera argitaratu ditugu jada.

Ikas-egoerak

  • Gelako geografia-aniztasuna Wikipedian lantzen ikas-egoera DBH 1en erabiltzeko modukoa da, gelara iristen diren jatorri anitzeko ikasleak hartu eta, elkarrekin, kulturartekotasuna eta euskara lantzeko helburuarekin.
  • Emakumeak Wikipediara ekartzen: DBH 3-4ko ikasleentzat egokitutako ariketa da, Wikipedian edo Txikipedian emakumeen biografiak egin eta genero-arrakalaren inguruan jarduteko sortuta.
  • Inguruko landareak dokumentatzen: DBH 4ko ikasleentzat, landare-itsutasuna eta ekosistemak hobeto ulertu, eta teknologia libreekin landareak identifikatu, sailkatu eta horien inguruko bideo laburrak egiteko proposamena da.
  • Gure herriko eraikinak: DBH 3n lantzeko, gure herriko ondare eraikia hobetu ulertu, dokumentatu eta argazki bidez azaltzeko proposamena da. Adierazpen artistikoa, hizkuntzak eta historia batzeko proposamen berritzailea.
  • Eta laster gehiago izango ditugu!

Nola jar ditzaket martxan?

Zure ikastetxean ikas-egoera horietako bat martxan jarri nahi baduzu, egin beharreko gehienak bertan dituzu. Azalpen kurrikularrak, konpetentzien azalpena, errubrikak eta material gehigarria bertan duzu. Hala ere, laguntza behar duzula uste baduzu, EWKE bidelagun izateko prest dago. Idatzi hezkuntza [a] wikimedia [puntu] eus helbidera, eta plazer handiz izango gaituzu ondoan.

]]>
https://wikimedia.eus/2025/05/ikas-egoerak-behar-dituzu-wikikasi-aurkezten-dizugu/feed/ 1 Euskal Wikilarien Kultur Elkartea
Museoen Eguna: Euskal Herriko historia 100 objektutan https://wikimedia.eus/2025/05/museoen-eguna-euskal-herriko-historia-100-objektutan/ Sun, 18 May 2025 06:00:00 +0000 https://wikimedia.eus/?p=1363 Santimamiñeko Arrankazia
Maiatzaren 18an mundu osoan ospatzen du Museoen Nazioarteko Eguna. Azken urtean EWKEk museoetan dugun aberastasuna ikustarazi eta Euskal Herriko historiari buruzko ezagutza areagotzeko proiektua abiatu du: Euskal Herriko historia 100 objektutan. Objektuen inguruan kontakizuna egin nahi dugu, eta horretarako hainbat museo bisitatu ditugu, lankidetzak egiteko gogoz daude instituzioak. Museo ugari ditugu Euskal Herrian. Batzuk orokorrak […]
]]>
Santimamiñeko Arrankazia

Maiatzaren 18an mundu osoan ospatzen du Museoen Nazioarteko Eguna. Azken urtean EWKEk museoetan dugun aberastasuna ikustarazi eta Euskal Herriko historiari buruzko ezagutza areagotzeko proiektua abiatu du: Euskal Herriko historia 100 objektutan. Objektuen inguruan kontakizuna egin nahi dugu, eta horretarako hainbat museo bisitatu ditugu, lankidetzak egiteko gogoz daude instituzioak.

Museo ugari ditugu Euskal Herrian. Batzuk orokorrak dira, adibidez Donostiako San Telmo Museoa, beste batzuek artea dute, adibidez Arabako Arte Ederren Museoa. Badira espezializatuak, Burgiko Almadiaren Museoa edo Concha meategiaren hegian dagoen Meatzaritzaren Museoa bezalakoak. Edo bilduma irekirik ez diren baina objektuak bildu, antolatu eta aztertzen dituztenak, Lizarrako Museo Etnologikoa edo Irungo Gordailua bezala. Euskal kulturaren bilduma du Baionako Euskal Museoak, eta karta-jokoak biltzen ditu Gasteizko Fournier Museoak. Guztiek dute altxorren bat, gehienetan altxor bat baino gehiago, eta horiekin kontatu nahi dugu Euskal Herriko historia.

Gure herriko historia kontatzea ariketa zaila da, eta kontatu nahi ditugun 100 gertakari, teknologia edo prozesu kontatzea, are eta gehiago. Baina EWKEn zailtasunak maite ditugu, eta ez da soilik 100 pasarte historiko kontatu nahi ditugula: eurekin lotutako objektu baten bidez egin nahi dugu. 2024-2027 egitasmoan “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektua jarri genuen martxan, eta geroztik hainbat wikilari han hemenka gabiltza, museoak bisitatzen, informazioa eskatzen, argazki saioak antolatzen eta objektuak dokumentatzen.

Jean Etchebarneren gerra kaskoa, Adrian motakoa, Nafarroako Julio Caro Baroja Museo Etnologikoa. Jean Etchebarne Lehen Mundu Gerran bi aldiz desertatu zuen zuberotarra izan zen. Lizarrara iritsi zen, neguan Pirinioak zeharkatuta, eta euskaraz egiteagatik salbatzea lortu zuen. Intsumisioa Euskal Herrian kontatzeko objektu bikaina da.

Zerrenda osatzea

Lanik zailena zerrenda osatzea izan da: objektuak soberan ditugu. Azken urtean ohikoa izan da “hauxe sartu beharko zenukete” esaldia entzutea, baina “zein kenduko zenuke?” galderari erantzunak ez dira hain ohikoak. Akaso, kanpoan geratu diren objektuekin beste ehuneko zerrenda bat egin genezake. Badira antzeko objektuak museo batean baino gehiagotan: “zein da kanpai-formako ontzien kultura aipatzeko erabiliko duguna?”. Eta… nola kontatuko dugu Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian? Gernikan bonbardaketa sufritu zutenei lotutako objektu baten bidez, edo Lizarrako Karlismoaren Museoan dagoen erreketeen aldare mugikorraren bidetik? Zein leku du bitxikeria historikoak (Arabako Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan dagoen Ama Birjinaren ilearekin egindako erlikia), fetitxismoak (Abertzaletasunaren Museoaren bilduman dagoen Agirre lehendakariaren idazmakina) edo objektu bakanek (Azpeitiko Burdinbidearen Museoan dagoen 24 orduko lehen erlojua)?

Zerrenda osatzeko hainbat irizpide erabili ditugu, tartean gure buruari jarritako muga zail bat: objektua ez izatea gertakaria kontatzeko berariaz sortua (adibidez, Picassoren Gernika margolana). Saiatu gara garai historikoen arteko oreka izaten, baita lurralde-oreka mantentzen ere. Pertsona zehatzek erabilitako objektu gehienek gizonezko izena dute: orekatzen saiatu gara emakumezkoen esku geratu diren objektu etnologikoak sartuta. “Gerra gehiegi sartu dituzue” esan zigun EHUko Antropologia irakasle batek; “Historiaurrea garapen teknologikoaren bidez kontatu beharko zenukete” gomendatu ziguten Letren Fakultateko beste bi irakaslek. Eta izan dira ere “beste museo hartan adibide hobea duzue” zintzotasun osoz esan diguten museo teknikariak ere.

Baina uneren batean zerrenda itxi behar zen, eta dokumentuekin gertatzen den bezala “definitiboa_2_zuzendua_inprimatzeko-ona” izeneko zerrenda dugu jada proiektuaren webgunean.

Arabako Arkeologia Museoan dagoen “Los Gorosko krisketa”. Hasiera batean zerrendan sartu, gerora atera, eta azkenean bueltatu den objektua da. Erromatar boterea erorita, baskoiek hartu zuten Veleia-Iruñea-Pirinioak lotzen zituen Ab Asturica Burdigalam bidearen kontrola. Los Gorosko krisketa garai ilunetako baskoi horietako batena zela proposatu dute berriki argitaratutako tesi batean.

Egiteke duguna

“Dena dugu egiteke” esaldia erabiltzen da maiz. Gure kasuan ez da egia: asko egin dugu, baina egiteke duguna gehiago da. Hurrengo bi urteotan Euskal Herriko historiari buruzko artikuluak hobetzeko hainbat jarduera egingo ditugu, eta objektu bakoitza bere testuinguruan (batzuek, testuinguru batean baino gehiagotan) jartzeko asmoa dugu.

Objektu bakoitzari lotutako produkzioa ere bultzatuko du EWKEk, lantzen ari garen Podcast baten eta Ikasi Otsorekin saileko komikien bidez. Hala ere, idatziko dugu horren inguruan beste mezu batean.

Meatzaritzaren Museoaren barruan, bigarren museo bat dago: Dolores Ibarrurirena izan zen liburutegia. Bertan aurkituko dituzu Euskal Herriko industrializazioa eta langile mugimenduaren oinarriak ezagutzeko funtsezkoak diren hainbat objektu.

Eta zuk ere asko egin dezakezu, noski. Historiari buruz idatzi dezakezu, euskarazko Wikipediako artikuluak hobetuz. Artikuluen arteko lotura hobeak egin ditzakezu, batean falta zaiguna bestearekin osatuz. Baina gaur Museoen Nazioarteko Eguna da, eta horregatik gonbidapen berezia egin nahi dizugu: museoak bisita itzazu, bertan dagoenaren inguruan galdetu, eta dokumenta ezazu. Museoetan milaka objektu ditugu, eta bakoitzak badu atzean historia bat, istorio bat, pertsona bat edo batzuk. Guk zerrenda bat osatu dugu, baina Euskal Herriko historia kontatzeko beste asko egon litezke. Anima zaitez, eta gaur bertan joan zaitez gertu duzun museo batera. Ez zara damutuko!

]]>
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea Santimamiñeko arrankazia edo arpoia. Madeleine aldian egindako pieza berezia, Bizkaiko Arkeologia Museoan ikusgai, Bilbon.